Oiardo Kiroldegiko udako ikastaroen eskaintzan izena eman daiteke jada

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 24a, 08:32

Uda honetan ere kirola egiteko ohitura ez eteteko denetariko ikastaroen eskaintza plazaratu du Oiardo Kiroldegiak. Matrikulazio epea zabalik da jada maiatzaren 29ra arte. Online bideratu beharko da.

"Izena emandako jende kopurua eskainitako plazak baino handiagoa bada, zozketa egingo da", iragarri du Usurbilgo Udalak. Zozketa egiteko beharra egongo balitz, edo ez,  "edozein modutan, izen-ematea itxi eta epe motzean jakinaraziko zaie erabiltzaileei plaza egokitu zaien".

Kanpoko pista zabaldu duten honetan, uda partera begirako haur nahiz helduentzako ikastaroen eskaintza aurkeztu du Oiardo Kiroldegiak. Ohi bezala, batetik ur jarduerak iragarri ditu; helduentzat hobekuntza, hastapen eta errendimendu ikastaroak. Haurrentzat, HHtik LH3ra, tarte horretan ikasten ari direnentzako saioak. Areto jarduerez gain; helduentzako spinning, pilates, mantenu gimnasia, aquagym edota 3. adina. 12-16 urte arteko gazteentzako "Uda Kirol". Eta haurrei zuzenduriko LH 1-6koentzako Kirol Txokoa eta eskalada.

Udalaren esanetan, "helburua da herritarren ongizate eta bizi kalitatea hobetzea. Horretarako, ariketa fisikoa egitea sustatu nahi dugu, osasuntsuago izateko eta gaixotasunei aurre hartzeko. Talde desberdinekin harreman zuzena dugu: kirol elkarte, eskola, ikastola eta herriko beste talde eta elkarte desberdinekin. Helburua lortzeko, aukera desberdinak eskaintzen ditugu, hala nola, kirol instalazioetan abonatua izatea, norbera bere kasa etorri eta ariketa egiteko; urte guztiko ikastaroak zein ikastaro puntualak eta txapelketak".

Udako ordutegia
Uztailean eta abuztuan udako ordutegia izango du indarrean Oiardo Kiroldegiak:
-Lanegunak: 7:00-13:00/15:30-20:15 (Igerilekuaren itxiera ordua: 12:45/20:00).
-Larunbatak, igandeak eta jai egunak: 9:00-13:00 (Igerilekuaren itxiera ordua: 12:45).

Informazio gehiagorako:
943 37 24 98
kirola@usurbil.eus
bpxport.es
Facebook: @oiardokiroldegia
Twitter: @oiardokiroldegi