Parkeak egoki eta txukun zaintzea guztion ardura dela gogorarazten diguten irudiak dituzue lerroon bueltan. Azken egunotan herritarrek bidalitako argazkiak. Herritar batek iragan larunbat goizean, maiatzaren 21ean Urdaiagako parkea zer baldintzetan aurkitu zuen erakusten duen irudiaa helarazi dio NOAUA!-ri. Zehazkiago esanda, Leizekaldea parkeko mahaietako bat begi bistan duzuen moduan utzi zuten; hondakinez josiak. Bertan jan eta edandakoa mahai gainean eta lurrean botata, edukiontziak hurbil zituzten arren.
Beste bi argazkiok itxuraz berritua dugun Aranerrekako parkeari dagozkionak dira. Herritar batek aste hasiera honetan bertan helarazitakoak. Iturria dagoen eremuan, lurrean, lehertutako globo zatiak ikus daitezke. "Pasa den asteko beroak aprobetxatuz, parke berrian puzgarriekin jolastu ondoren, gelditu diren hondakinak jaso behar direla erakutsi behar zaie umeei", ohartarazi nahi izan du, ondoko argazkiok helarazita.