Aurreikuspenak gainditu ditu, OinHerrik eginiko hausnarketa askerako deialdiak

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 25a, 09:19

Gaztetxoen eta helduen talde bana osatu asmo zuen OinHerri Usurbilen lan taldeak, maiatzaren 27an Potxoenean hausnarketa librea sustatu nahi duen eremuan. Aurreikuspenak gainditu ditu ordea deialdiak eta azkenean LH 5 eta 6 maietako ikasleena bideratuko dute soilik.

Hausnarketarako eremu askea osatzeko deia egina zuen Usurbilgo OinHerrik ostiral honetarako, maiatzaren 27rako, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. "Filosofatzea" helburu zuen saiorako bi talde osatu nahi zituzten; bat LH 5 eta 6 mailetan izena emandako gaztetxoekin, eta bigarren talde bat helduekin. Gaztetxoen artean arrakasta itzela izan du deialdiak, antolakuntzaren aurreikuspenak gainditu ditu; berrogeitik gora gaztetxo daude izena emanda ostiraleko hitzordurako.

Usurbilgo OinHerrik gaztetxoen bi talde osatzea erabaki du azkenean; eta beraz, hilaren 27rako iragarria duen hausnarketarako ekimena, haiekin soilik bideratzea. Datorren ikasturtean, segida eman asmo diote egitasmo honi, bai gaztetxoen baita helduen parte hartzea sustatuta ere.

Pentsatu eta partekatzeko 
Garai nahasiotan, abiada azkarrean doakigun bizimodu honetan, tarterik ez da izaten sarritan, geratu, lasaitu eta patxadaz pentsatu eta gogoetatzeko. Denbora soilik ez, espazio edo bilgune bat ere falta izaten da gehienetan pentsamenduok partekatzeko. Gai honi plaza eskaintzera, denbora eta espazioa ematera dator Oinherri herri hezitzaileen sareko kide den Usurbilgo lan taldea.

Gogora ekarri ditzagun Oinherriren helburuak zeintzuk diren: jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; horretan oinarrituta, haurrei benetan parte hartu eta erabakitzeko ahalmena ematea; komunitate-sarea eta auzolana indartzea; edota pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea. Helburuon baitan iaz “galeren inguruko lanketa bat” bideratu zuten eta aurten maiatzaren 27an, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean, hausnarketarako gune askea osatu asmo dute, “filosofatzea” xede izango duena. Ez filosofiaz teorizatzeko, gai baten bueltan hausnartzeko baizik. “Pentsatu, ikuspegi kritikoa partekatu eta garatzeko espazio bat” eskaini nahi du Usurbilgo OinHerrik hitzorduan parte hartu nahi duen ororentzat, lan taldeko kide Asier Huegunen esanetan.

Gai bat, abiapuntua
Hilaren 27koa esperientzia pilotua izango den arren, Oinherriren Usurbilgo lan taldeko kideek jada proba egina dute. Beste udalerri batzuetan abian baitira halako egitasmoak. Esaterako, arrakastatsua suertatzen ari den Oiartzungoa. Herri hartako esperientzia ezagutzeko aukera izan du Usurbilgo OinHerrik. Ezagutu soilik ez, hurbiletik bizitzekoa baita. 

Ekimenok bideratzen laguntzen duen Jakinmin elkarteko kide baten bidez, ordu eta erdiko saio bat egin zuten, hilaren 27rako iragarri dutenaren tankerakoa. “Gai bat jarri zigun, pizgarri bat”, ia robotek talenturik izan dezaketen. Harridura eragin edota ezohikoa izan daitekeen galdera hau abiapuntutzat hartuta bideratu zuten hausnarketa saioa. 

Horretarako espresuki prestaturiko materiala bidelagun, “gidariak gaian sakontzen laguntzen du; zergatik pentsatzen duzun hori, ia gehiago zehaztu dezakezun”. Modu horretan, “norberak bere ikuspegia zalantzan jarri, bestearena ulertu, bestearenarekin kontrastatu dezake”.  

Saiootan parte eta hitza hartzeko aintzakotzat hartu beharreko bi kontu; ondokoa ez epaitzea eta argi izatea, “ez dugula adostasunera iritsi behar”. Norberak hitza modu askean hartu, pentsamendua partekatu, eta elkar entzuteko eremu librea izango da. “Sakontzen zoazen heinean, bakoitzak dituen bizipen eta pentsamenduak agertzen doaz”, OinHerriko Usurbilgo lan taldeko kide Alazne Begiristainek aipatu digunez. Ez da aldez aurretik ezer prestatu behar, ez da ezagutza berezi edo zehatzik behar. 

Ikuspegi kritikoaren lanketa
Baina aberasteko bidea ere zabaltzen du horrek. “Gertatu liteke zure ikuspegia aldatu edo zureari tinkoago eustea”. Aipatu moduan, ez da zertan adostasun batera heldu beharrik. Saio honi begira eskatzen den konpromisoa parte hartzea baino ez da, bueltan jasotzen dena ordea ekarpen oso aberatsa izaten da. “Enpatia, besteen ikuspegia ulertzea, ikuspegi kritikoa garatzea edota taldean hausnartzeko gaitasuna lantzea”, Asier Huegunek azaldu digunez. 

Jarraitzeko aukera
Saio oso emankorra izan zenaren adierazle, amaitutakoan gertatu zena. “Saiotik aterata dinamikarekin jarraitu genuen”, oroitzen du Begiristainek. Maiatza amaierako esperimentazio saio honek ere harrera ona badu, “asmoa da hurrengo ikasturtean OinHerri Usurbilen eskutik, halako hiruzpalau saio egitea”.

Hausnarketarako gune askea
Eguna: maiatzak 27, ostirala.
Ordua: 18:00.
Tokia: Potxoenea.
Antolatzailea: OinHerri Usurbil.