39. Sagardo Eguna

"Garbi geratu da herri honen nortasuna herrigintzan eta auzolanean datzala!"

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 25a, 11:29

Antolakuntzak pozik eta hunkituta plazaratu du bi urteko etenaldiaren ostean bueltan plazara ekarri duten 39. Sagardo Egunaren lehen balantzea.

Pozik, hunkituta eta esker oneko agertu da Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldea, maiatzaren 22ko jaialdia ospatu berritan. Osasun krisialdiak bitan bertan behera uztera behartutako 39. Sagardo Egunaren itzulera arrakastatsuaren aurrean argi diote, "antolakuntzaren aldetik ezin dugu gehiago eskatu, eta hunkituta, eskertzea besterik ez zaigu geratzen".

Aurreikuspenak beteta pozik agertu dira. "Esan genuen, aurreratu genuen, eta horrela izan da... Kolosala!". Pozik eta esker oneko, itzulera hau ahalbidetu duten guztiekiko. "Berriz ere, garbi geratu da herri honen nortasuna herringintzan eta auzolanean datzala!", nabarmendu dute Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek.

Jaialdiari hasiera eman aurretik, antolakuntzan parte hartu zuten pintxoen sukaldari, edalontzi saltzaile edota sagardo botatzaileei eskertza. "Argazki honetan zaudeten eta ez zaudeten guztioi, bihotzez eskerrik asko. Ezin da imajinatu Sagardo Egunik zuek gabe, ezinbestekoak zarete!", adierazi diete.

Eskertza handia baita, usurbildarren ospakizun seinalatuenaren itzulera eskuzabalik hartu zuten guztiei. "Bertaratu zen jendetzari, herritar zein kanpotik zetorrenari ere, miloi bat esker!".


USURBILGO 39. SAGARDO EGUNA
Goiz da balorazioak egiten hasteko baina gaurko tripako eta buruko min guztiek pena merezi dutela uste dugu!
Antolakuntzaren aldetik ezin dugu gehiago eskatu, eta hunkituta, eskertzea besterik ez zaigu geratzen.
Argazki honetan zaudeten eta ez zaudeten guztioi, bihotzetz eskerrik asko. Ezin da imajinatu Sagardo Egunik zuek gabe, ezinbestekoak zarete! 
Berriz ere, garbi geratu da herri honen nortasuna herrigintzan eta auzolanean datzala!
Nola ez, bertaratu zen jendetzari, herritar zein kanpotik zetorrenari ere, miloi bat esker!
Esan genuen, aurreratu genuen, eta horrela izan da...KOLOSALA!!!
Gora Usurbil
Gora Sagardo Eguna