39. Sagardo Eguna

Plastikoa, Sagardo Egunez Udalak bildutako hondakinen ia erdia

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 25a, 11:07

Usurbilgo Udalak maiatzaren 22ko 39. Sagardo Egunean Mikel Laboa plazan jarritako edukiontzietatik bildutako datuak plazaratu ditu. Hobetzeko bi alderdi nabarmendu ditu.

Bi urteko osasun krisialdiaren osteko lehen jaialdi jendetsua zen iragan maiatzaren 22ko 39. Sagardo Eguna. Garai bateko eredu eta formatuan ospaturiko hitzorduan sortu ziren hondakinen gaikako bilketaren balantzea plazaratu du Usurbilgo Udalak. Askatasuna eta Mikel Laboa plazetan edukiontziak jarri zituen. Mikel Laboa plazan kokaturikoetatik jasotako datuak dira ezagutzera eman dituenak. “150 lagun inguru aritu ziren lanean Sagardo Egunean: hainbeste jende ibilita datu horiek lortzea oso albiste ona da”, gaineratu du Udalak.

Birziklatu ezin den hondakin zatiari dagokionean, "jasotako hondakinen %1,13 baino ez da izan errefusa", berri eman dute. Hobetu beharreko bi alderdi bistaratu ditu ordea Sagardo Eguneko gaikako bilketak. Batetik, "plastiko nahasketarena. Jasotako hondakinen artean, gai horrek hartu zuen bolumen gehien (%41,03), eta hurrengo urteari begira hori gutxitzeko bideak aztertuko ditu udalak". Hobetu beharreko beste alderdia kale garbiketan atzeman dute. "Izan ere, jai-gunetik kanpora, zenbait lekutan egon ostean hondakinak bildu gabe botata utzitako adibideak ere izan ziren, esaterako, Aranerrekaren zenbait gunetan".

Hemen Sagardo Eguneko gaikako bilketa datuekin Usurbilgo Udalak kaleratu duen zenbakien taula:

39. Sagardo Eguna: Mikel Laboa plazako edukiontzietatik jasotako datuak

Hondakin zatia Kopurua Ehunekoa
Plastiko nahasketa (mantelak, txosnetako kartelak...) 4.000 %41,03
Ontzi arinak 1.800 %18,46
Papera eta kartoia 3.000 %30,77
Organikoa 840 %8,62
Errefusa 110 %1,13
Guztira 9.750 %100

Iturria: Usurbilgo Udala.