"Toki mingarri izatetik oroimen leku izatera bihurtzea", hortxe alkate Agurtzane Solaberrietak aipatu moduan, memoria historikoa berreskuratzeko lanean dabilen Usurbil 1936 elkartea bideratzekoa den hurrengo egitasmoa Usurbilgo Udalarekin lankidetzan.
Ekainean zehar Andatzako gudalekuak berreskuratzeko lanean jardun asmo dute, informazio baliotsua jaso asmo dute bertatik eta 1936ko gerrak guneotan utzitako ondorioak herriari ezagutaraziko dizkiete gero. "Momentuz bost lubaki identifikatuak ditugu", Jon Martin Usurbil 1936 elkarteko ordezkariak berri eman duenez. Guztiak Andatzan. 1936an faxistak inguru honetara heldu zirenean "ez ziren oso erraz sartu", erresistentziarekin topo egin baitzuten.
Bost gudaleku berreskuratuko dituzte
Pako Gomez Diez, Ada Richaud eta Aitziber Gonzalez arkeologoek eta gerra honetan aditua den historialari Xabier Herrerok zuzenduko dituzte indusketa lanak. Gomez Diezek Usurbilgo Udala eta Usurbil 1936 elkartea eskertu nahi izan ditu asteazken honetan Potxoenean egin duten agerraldian, "gugan konfiantza izateagatik, arkeologo gazte talde bati halako proiektu bat lantzeko aukera eskaintzeagatik". Bost lubakietatik lautan "zundaketak egingo ditugu", iragarri du, guneotan zer dagoen ikusi eta dagoenak zer nolako balorea duen jakiteko. Bosgarrena, "bere osotasunean irekiko dugu, indusketa integral bat egingo dugu". Hau bai, gerora denontzako ikusteko moduan jarriko dute.
Aipatu arkeologo taldeak zuzenduko dituen indusketa lanetara herritarrek batzeko aukera izango dute ekainaren 17an eta 18an. Egunotan auzolanean aritzeko deia egingo dute. Interesdunek usurbil1936@gmail.com helbidera idatzi ahalko dute. Laguntzarako deia egin diete herritarrei, baita mendiko ibilgailuak dituztenei ere. Gudalekuak berreskuratzen ariko den taldea Andatzara igo eta jaisteko beharko dituzte eta. "Guretzat oso garrantzitsua da auzolan eredua, jendeak arkeologiaren garrantzia ikus dezan eta herri ondarea balorean jartzeko", Gomez Diezek dioenez. Herritarrak auzolanera gonbidatu ditu. "Herriak parte har dezake gurekin lan egiten, gu egongo gara nola egin irakasten".
Bertatik jasotako materiala, hurrengo urtean egokitu asmo duten erakusketan ikusgai jarri asmo dute. Memoria guneok berreskuratzean, eremuok seinaleztatu eta bertara bisita gidatuak antolatuko dituzte.
"Ezer gutxi dakigu"
Gudalekuon berreskuratzea, Usurbil 1936 elkarteak eta Usurbilgo Udalak iaz adostu eta sinaturiko lankidetza hitzarmenean herri honen memoria historikoa berreskuratzeko aurreikusitako lan-ildoetako bat da. "Memoriaren berreskuratze lan horretan, toki mingarri horiek idenfitikatzea, ikertzea, aztertzea, ezagutzera ematea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu eta toki horiek toki mingarri izatetik oroimen leku izatera bihurtzea, gaurko eta biharko belaunaldiek gertatutakoa ezagutu dezaten, gure herrian zer tokitan zer gertatu zen ezagut dezaten eta batez ere ahanzturara kondena ez dezaten", adierazi du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.
Ezagunagoa baitugu alkatearen esanetan, Gernikan, Durangon edota Bilbon pairatu behar izan zutena, Usurbilen jazotakoa baino. "Ezer gutxi dakigu gure herrian, Usurbilen egun horietan izan ziren gerra fronteez, borrokez, zaurituez, hildakoez, errepresaliatuez eta horiek guztiak ere gure herrian egun haietan ere izan ziren".
Ildo horretan, azken bi urteotan herri honen memoria berreskuratzeko Usurbil 1936 elkarteak egin duen lana nabarmendu eta goraipatu du alkateak. "Ez da gutxi egin dena". Iaz, tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik 85 urte bete ziren irailaren 18an fusilatuak oroitzeko ekitaldia egin zen frontoian. Ordutik beste bi aitortza ekitaldi ere egin dira, "hainbeste urteetan ezkutuan egon den errealitate bat azaleratu eta ezagutarazteko eta gerraren alderdirik krudelena euren haragitan bizi izan zutenei aitortza eta erreparazioa egiteko balio dutenak". Eta horren guztiaren atzean dagoen "iñurri lan izugarria" nabarmendu du.
Usurbilgo Udalak 96.000 euro bideratuko ditu, Usurbil 1936 elkartearekin hiru urterako sinatua duen lankidetza hitzarmenean aurreikusitako egitasmoetara.