Hitza hartu zutenen artean izan ziren, Usurbil, Aia eta Zumaiako udaletako alkateak. Hiruren artean adierazpen bat plazaratu zuten. “Toki eta herri guztiek dute euren Gernika txikia, eta horregatik da garrantzitsua toki horiek identifikatzea, ezagutzera ematea eta gerraren ondorioak jasan eta isilarazi zituztenen memoria aitortzeko gune bihurtzea. ‘Hemen hil zituzten’ toki mingarri hori, askatasun demokratikoen defentsarako, bake eta bizikidetzaren balioak transmititzeko eta oroitzapenerako gune bilakatzeko. Ahanzturaren oroimenerako leku. Memoriarako espazio. Askatasunerako eta bakerako espazio”.
“Euren memoriaren gordailu izan zarete”
Herri honen memoria historikoak espazio berri bat berreskuratu duen arren, Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak Bautista Aginagaren eta Pedro Julian Agirrereren senideei zuzenduta adierazi zienez, “zuen senitartekoen oroimena ezkutuan eramatera behartu zaituztete, baina beti bizi-bizirik izan duzue. Eskerrik asko, beraz, hiru alkateon izenean, haien duintasuna eta oroimena bizirik iraunarazteagatik, euren izenak, izanak eta memoria desagerrarazi nahi izan zituen sistema frankistari eta inposatutako bazterketari eta ahanzturari aurre egiteagatik. Euren memoriaren gordailu izan zarete”.
Ildo beretik, “gerraren basakeria guztien testigu izan eta izua barruraino izanagatik ere, ikusitakoa kontatzeko ausardia izan zuten guztiak” gogoan hartu nahi izan zituen Usurbilgo alkateak. “Lekukotasun haiengatik ez balitz, gorpu asko bide bazter eta kunetetan jarraituko zuketen. Oraindik, badira ehunka batzuk. Tamalez. Haiei esker, duintasuna itzuli, memoria berreskuratu eta egia zabaltzeko ezinbestekoa izan da euren adorea eta ekarpena. Lekukotasun horiek ahalbidetu zuten, esaterako, Bautista Aginaga eta Pedro Julian Agirreren gorpuzkinak berreskuratzea senideek, 1980ean, eta merezitako agurra eta aitortza egitea”.
Usurbil 1936: “Herri-aitortza merezi dute”
Meagako oroimen ekitaldian oroigarria kokatu zuen Usurbil 1936 elkarteak “duela 85 urte gertatukoaren memoria nolabait fisikoki irudikatzeko; hainbeste urtez ezkutuan egondakoa argitara emateko”. Gogorarazi zutenez, “kolpistek Gipuzkoan herriak hartzen zihoazen heinean, errepresioaren arrastoa handitzen joan zen hurrengo egunetan. Gure herrian, egindako mitin batean “Usurbilen laster orrazia pasako” zutela agindu zuten. Baita pasa ere. Segituan hasi ziren atxiloketak eta erailketak”.
Berriz ez gertatzeko
Egun, inguru horretatik igarotzen direnek “bi adarreko zuhaitza edo zerurantz altxaturiko bi beso ikusiko dituzte agian. Hurbiltzen badira, bi izen irakurriko dituzte, Bautista eta Pedro Julianenak. Haiei gertatutakoaren lekuko izan dadila eta halako desmasiarik inoiz, inori, berriz gerta ez dakiokeen lortzeko balio dezala”, adierazi zuen memoria historikoa berreskuratzeko Usurbilen lanean ari den elkarteak.
Egia argitzeko, azaleratzeko garrantzitsutzat jotzen baitute ezagutza, “jakitea. Ez soilik senide eta lagunentzat, ez soilik alderdikide edo eragin zuten urteetan kontatu duten “irabazleen” historia ez delako egia, gutxienez ez delako egia osoa. Triskantza haren zergatiak eta utzi zituen ondorio lazgarriak ere jakinarazi behar zaizkie ondorengo belaunaldiei. Eta, nola ez, Bautista eta Pedro Julianek eta beren senideek aitortza publiko bat, herri-aitortza merezi dutelako”.
“Zorigaiztoko patu bera”
1936ko urriaren 1ean, “Bautista Aginaga Otegi, 33 urteko arotza, mendigoizalea eta EAJko Gaztedi alorreko kidea, bere aitaren hileta elizkizunetan zen egun hartan. Elizatik ateratzerakoan, atxilo hartu zuten aitaren galeragatik familiak zuen atsekabea areagotuz. Egun berean, Aiako Olaskoaga-azpi baserriko semea, Pedro Julian Agirre Gallastegi, Orioko udaletxeko ziegatik atera zuten, atarian arropa eta janaria eramatera joandako senideei besarkada bat emateko aukerarik eman gabe. Behar bada Bautistak eta Pedro Julianek ez zuten aurrez elkar ezagutzen. Baina zorigaiztoko patu berak elkartu zituen”, zioen Usurbil 1936 elkarteak, Meagan. “Juxtu-juxtu Zarauzko fraide batekin konfesatzeko parada eman eta faxistek hona ekarri zituzten. Inolako epaiketa eta defentsarako aukerarik gabe, biak ala biak, hementxe bertan, tiroz zerraldo utzi zituzten”. Utzi diote, “maiz askotan egiten zuten moduan, hil eta gero lurrean botata utzi baitzituzten. Inguruko herritarrek gorpuak jaso eta edozein gizakiari zor zaion duintasuna minimoz lurperatu zituzten horko soroan. Urtia-berriko Erramunek gogoratzen duen bezala: “Bi arbolen artean, enborretan gurutzetxo bana markatuta, zeuden lurperatuak”. Txikiak zirela, errespetuzko keinu moduan, lur gaina hartan ez jolasteko esaten zieten helduek, “hor bi gizon daudelako”. Ordutik, “44 urtez egon ziren zoroan. 1980ko uztailaren 13an, beren hobitik atera eta gorpuzkinak familien esku geratu ziren”.
Bertsoak oroituei
Usurbilgo sortzaileen ordezkaritza bat bertaratu zen Meagako oroimen ekitaldira; bi txistulariek eta Malen eta Jon Mikel Azpiazuk girotu zuten musikaz, Orbeldiko kide Elorrik dantzaz eta Jon Aizpuruak sortutako bertsook ere abestu zituzten bertaratu zirenek:
Bautista eta Pedro Julian
Beste askoren alboan
Gudan eraman zituzten nahiz ta
Ez ziren inora joan
Meagasera ekarri eta
Ezkutuko su jokoan
Bi gazte lerden lurrean utzi
Hor amaitzen zelakoan
Urte asko joan diren arren
Oraindik gure gogoan
Senideak urte luzeetan
Non ote ziren galdetzen
Nagusi dira komeni dena
Lur azpietan gordetzen
Memoria ta duintasuna
Hain zaila al da ulertzen?
Sustrai zaharretik kimu berriak
Jarraitzen dute loratzen
Bide bazterrak irekitzen ta
Begi guztiak zabaltzen


