2021-22 ikasturtea azken txanpan murgiltzear den honetan, ikastetxeak ere festa girorako prestatzen hasiak dira. Osasun krisialdiak eragindako etenaldiaren ostean, garai bateko formatu edo ereduan ospatuko du Udarregik Ikastola Eguna. Ekainaren 11n izango da, aste horretan zehar zenbait ekimen ospatu ostean; besteak beste, esaterako, azoka solidario bat egokitzeko asmoa dute, memoria historikoa lantzeko hitzordu bat ere iragarria dute, baita Ikastola Egun bezperarako askariaz eta musikaz giroturiko arratsalde pasa.
Ikastola Eguna bera ordea, aipatu moduan, ekaineko bigarren larunbatean, hilaren 11n ospatuko dute; garai batean bezala, LH eta DBH-koen jolasekin. Eguerdi partean, txikienen kantu eta dantza saioa iragarri dute Mikel Laboa plazan. Eta segidan, albiste hau orain plazaratzea eragin duen hitzordua; 14:00etan hasita, bazkaria frontoian. Otordu honetarako txartelak salgai dituzte jada ikastolako idazkaritzan; ekainaren 6ra arte erosteko aukera izango da.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, Hurbilago elkartearen eskutik jarritako bi menu izango dira aukeran. Bat haur eta gaztetxoentzat: makarroiak tomatearekin, oilaskoa, izozkia eta ura, 10 euroren truke. 16 eurotan, helduena: entsalada, oilaskoa, tarta, ogia, edaria, kafea eta likorea. Bazkalostea, Ostolaza eta Narbaiza trikitilariek girotuko dute.