2022-23 ikasturtea

Zirimaran eta Zumarten ere matrikulatzeko epea ixtear

Noaua Aldizkaria 2022ko maiatzaren 26a

Zumartekoek Gironako La Selva eskualdeko orkestrako kideekin apirilean egin zuten trukaketa.

Ostiral honetan, maiatzaren 27an itxiko dute, 2022-23 ikasturtean Zirimaran nahiz Zumarten parte hartzeko matrikulazio epea.

Zumarte
Irailetik aurrera, musika instrumenturen batean trebatu edota alor honetako ikastaroren bat egin nahi duenak, Zumarte Musika Eskolan matrikulatzeko aukera du maiatzaren 27ra arte.

Matrikulazioa online edo aurrez aurre
-Epea: maiatzak 23-27.
-Eskaintza: Musika txokoa, musika mintzaira, tronpeta, tronboia, saxofoia, biolina, perkusioa, klarinetea, eskusoinua, trikitixa, panderoa, pianoa, txistua, gitarra, flauta, organoa, kantu modernoa, abesbatza eta talde instrumentalak.
-Ordutegi presentziala: 10:00-12:30/17:30-19:00 (asteartea eta osteguna).
-Matrikulazioa: online zumarte.eus atarian edo inprimakia eskuz bete eta Zumarten aurkeztu.
-Ordainketa: plaza kopuruen zozketa egin eta onartutako ikasleen zerrendak argitaratu ostean, izena emandakoak adierazitako kontu zenbakian %10a ekaina bukaeran kobratuko da, %40 iraileko lehen astean eta %50 abendua hasieran.
-Hobariak: familia ugarietan edo familia unitate bereko 3 senide edo gehiago matrikulatuta egonez gero, %40ko deskontua aplikatuko dute  matrikulatutako ikasle gazteenaren kasuan. 
-Oharra: tronboia, saxofoia, tronpeta, flauta, klarinetea edo biolina ikasten hasten direnek, nahi izanez gero eta ikasleentzat egokiak badira, Zumartek urtebetez utzi ahalko ditu instrumentuok.
-Informazio gehiago:
943 371 594
zumarte.eus
-Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.



Zirimara
Izena ematerakoan kontuan hartzeko bi ohar: "Eskola Kirolan parte hartzeko derrigorrezkoa da Oiardo Kiroldegiko bazkide izatea, izan norbanako modalitatean edo familia modalitatean", ohartarazi du antolakuntzak. Gogoan izan baita, Kiroldegiko abonamendu honi begira udal hobariak eskuratu daitezkeela.

Ziklo edo adin tarte bakoitzera egokitutako jarduerak eskaintzen ditu Zirimarak. LH 1 eta 2rako esaterako, jolas hezi programa, psikomotrizitatea, natur jarduerak, saio bereziak eta familia planak. Jolasak, kirol alternatiboak, taldeko nahiz banakako kirolak, natur jarduerak, saio bereziak eta familia planak LH 3-4 mailetako gaztetxoentzat. Kasu batean zein bestean, astero saio bat edo bitan parte hartzeko aukera astearte eta ostegunetan. Eta 0-6 urte artekoentzat Zirimara familian bizitzeko aukera; gorputz mugimendua, familia hezkuntza, jarduera fisikoa familian, jolasak...

Egunotan  proiektua gertutik ezagutzeko aukera izango dute HH nahiz LH-ko gaztetxo eta gurasoek. Ate irekien saioak antolatu dituzte Aginagan, Usurbilen eta Zubietan.