Kantu-jira bueltan

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 27a, 08:57

Usurbilgo Euskal Kantu Taldea plazara itzulia den honetan, maiatzeko azken larunbat honetarako kantu-jira iragarri du.

Osasun krisialdiak behartuta, bi urteko etenaldiaren ostean udaberriarekin batera abesteko gogotsu itzuli dira Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideak. Bai entsegu saioetara, baita plazara ere. Hileroko ohiturari berriz heldu eta azken larunbatetan kantuz blaitzen segi asmo dute herria. Datorren kantu-jira larunbat honetan bertan, maiatzaren 28an. Eguerdiko 12:00etan abiatzekoak dira ohi bezala, Mikel Laboa plazatik. Antolakuntzaren ohiko oharra; ez ahaztu kantu-liburuxka.

Bide batez, gogoan izan, asteroko entsegu saioei ekin dietela berriz. Astelehenero biltzen dira Usurbigo Euskal Kantu Taldeko kideak, arratsaldeko 18:00etan Agerialdeko musika gelan.