Jakin Jardunaldia

Usurbilgo Zaintza Ekosistema egitasmoa aurkeztuko dute uztaileko jardunaldietan

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 27a, 14:01

Uztailaren 7an eta 8an UEU-k, Jakin-ek eta Usurbilgo Udalak antolaturiko "EH2040: demografia, lurraldea, zaintza eta hizkuntza" Jakin Jardunaldirako matrikulazio epea zabalik da. Besteak beste, Usurbilgo Zaintza Ekosistema egitasmoa aurkeztuko dute hitzorduotan.

2040ko Euskal Herria irudikatzeko demografia, hizkuntza, lurraldea eta zaintza gaiak hartuko ditu hizpide UEU.ren 50. udako ikastaroen baitan uztaila hasieran Usurbilen antolatu duten Jakin Jardunaldiak. Aipatu moduan, herri hau ere hizpide izango du saioetako batek. Usurbilgo Zaintza Ekosistema egitasmoa aurkeztuko dute. "Zaintzari helduz, goazen oinak lurrera jaistea", luzatu zuen gonbita jardunaldion aurkezpenean, Jakin-en zuzendari Lorea Agirrek.

"Usurbilgo herriak baditu hainbat ezaugarri erraz jartzen dutenak erralitatea aztertzea. Lur bat ematen digu. Hainbat mugimendu, borroka, eraldaketa gertatu dira hainbat eremuetan. Oso leku egokia da izan duen historiagatik eta gaur egun den horregatik. Zaintzaren kasua baita ere, bete-betean dator Usurbilen badelako zaintza ekosistema berri eraldatzaile desberdin bat abiatzeko proiektua". Adibide honekin, "esaten duguna ikusi egingo dugu", iragarri zuen Agirrek.

Matrikulazio epea zabalik
UEU-ren udako ikastaroek mende erdia bete dute. Edizio berezia prestatu dute urtemuga honen bueltan. Uda parterako iragarri dituen ikastaro eskaintzan matrikulatzeko epea zabaldu dute astelehen honetan. Tartean, azken urteotan egin bezala, UEU-k, Jakin-ek eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolaturiko Jakin Jardunaldirako izen ematea. "EH2040: demografia, zaintza eta hizkuntza" izango dute hizpide uztailaren 7an eta 8an Usurbilen ospatuko diren saioetan.

"Demografia prospektibaren argitan, Euskal Herrian 2040an nolako izango den aztertu nahi dugu eta, horren aurrean, lurralde oreka, hizkuntzaren biziberritzea eta ongizate politiken eta zaintza ereduen demokratizazioa erdiesteko zer aukera dugun eta nola egin hausnartu", antolatzaileek diotenez. Besteak beste, Usurbilgo zaintza ekosistema egitasmoa aurkeztuko dute.

Edizio berezi honetan, "ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan nahi dugu eta hori dela eta, ikastaro guztiek 10 euroko prezio sinbolikoa izango dute".

 


Jakin Jardunaldia: "EH2040: demografia, lurraldea, zaintza eta hizkuntza"
Egunak: uztailak 7,8.
Tokia: Artzabal.
Ordutegia: 9:00-17:00 artean uztailaren 7an, eta 9:00-13:00 artean uztailaren 8an.
Ordu kopurua: 12.
Matrikulazio epea: uztailak 1.
Prezioa: 10 euro.
Zehaztasunak: "Euskal Herria 2040an nolakoa izango da? Zer esaten digu prospektiba demografikoak? Zenbat jende biziko da? Gizarte zahar batera al goaz? Ze eragin du horrek zaintza ereduan eta pentsioetan? Eta lurralde orekan? Eta euskaran? Eta hirien antolaketan? Zein den etorkizuna eta zer nolakoa izan dadin nahi dugun jakin behar dugu etorkizun dagoenari aurre hartzeko".
Helburuak: "Demografia prospektibaren argitan, Euskal Herrian 2040an nolako izango den aztertu nahi dugu eta, horren aurrean, lurralde oreka, hizkuntzaren biziberritzea eta ongizate politiken eta zaintza ereduen demokratizazioa erdiesteko zer aukera dugun eta nola egin hausnartu".
Informazio gehiagorako: ueu.eus
Antolatzaileak: UEU, Jakin eta Usurbilgo Udala.
Egitaraua:
Uztailak 7, osteguna
08:45-09:00
Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:00-09:30 Ongi etorria eta jardunaldiaren aurkezpena:
-Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea.
-Kepa Sarasola, UEUko lehendakaria.
-Lorea Agirre, Jakin-eko zuzendaria.
09:30-10:30 H2040: zer dio prospektibak?
Imanol Esnaola, Demografian aditua, Gaindegia-ko kidea.g
10:30-11:00 Atsedenaldia.
11:00-11:45 Hitzaldia: Marta Luxan, EHUko Soziologia irakaslea eta doktorea antropologian.
11:45-12:30 Hitzaldia: Felix Arrieta, Soziologia irakaslea Deustuko Unibertsitatean. Zaintza politiketan aditua.
12:30-13:15 Denen arteko elkarrizketa eta eztabaida saioa.
13:30-15:00 Bazkaria.
15:00-15:45 Hitzaldia: Jule Goikoetxea, Politologoa eta filosofoa. EHUko irakasle eta doktorea.
15:45-17:00 Usurbilgo Zaintza Ekosistema egitasmoa: Erkuden Aldaz eta Maider Azurmendi, egitasmoaren bideratzaileak.

Uztailak 8, ostirala
09:30-10:15 Hitzaldia: Gari Goikoetxea, Kazetaria. UEMAko teknikaria.
10:15-11:00 Hitzaldia: Itsaso Olaizola, soziologoa.
11:00-11:30 Atsedenaldia.
11:30-12:15 Denen arteko elkarrizketa eta eztabaida saioa.
12:30-13:00 Ondorioak eta sagardoarekin topa.