Jakin Jardunaldia

2040ko Euskal Herria irudikatzeko ariketa kolektiboa, uztaila hasieran Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 27a, 14:18

18 urte barru zer nolako Euskal Herria izango dugun irudikatzera gonbidatzen gaituzte UEU-ren 50. udako ikastaroen baitan, Udako Euskal Unibertsitateak berak, Jakin-ek eta Usurbilgo Udalak uztailaren 7an eta 8an udalerri honetan antolaturiko Jakin Jardunaldian. Demografia, lurraldea, hizkuntza eta zaintza hizpide hartuko dituzten saioon xehetasunak eskaini dituzte.

"Imajinazio ariketa bat eskatzen digu" antolatzaileen esanetan, uztailaren 7an eta 8an Usurbilen seigarren urtez ospatuko den Jakin Jardunaldiak. Udako Euskal Unibertsitateak ate joka ditugun hilabeteetarako antolatu ohi dituen ikastaroek 50 urte bete dituzte, eta mende erdira heldu diren honetan, Euskal Herriko beste txokoekin batera Usurbilek ere leku egingo dio UEU-ren ekimenari, etorkizunera begira jarriko den "Jakin Jardunaldiaren" bidez.

UEU-ren, Jakin-en eta Usurbilgo Udalaren arteko lankidetzatik jaiotako hitzorduan urte bat finkatu dute, 2040a. 18 urte barru nolako Euskal Herria izango dugun, nolakoa izatea nahi dugun irudikatzeko aukera izango da eremu ezberdinetan. Hortik izenburua; "EH2040: demografia, lurraldea, zaintza eta hizkuntza". Hamaika galdera mahaigaineratuko dituzte. Horietako batzuk aipatu zituen Lorea Agirre Jakin-en zuzendariak, jardunaldion ostegun honetako aurkezpenean. Demografiaren ikuspuntutik "zer dinamika egongo da? Zenbateraino zahartu edo gaztetuko da? Horrek guztiak zer nolako eragina du lurraldearen orekan? Zer gertatuko da zaintzarekin? Nola zainduko dugu elkar? Erakundeek zer egingo dute? Gazte gutxiago egoteak nola eragingo du pentsioetan? Zaintzari eta hizkuntzari lotuta, zer nolako hirigintza irudikatu dezakegu?".

Ertz anitzeko gaia
Irudikatzea eskatuko du Jakin Jardunaldiak, etorkizunean "zer nahi dugun eta nola egin dezakegun". Eta horretarako, Agirrek nabarmendu zuenez, "bada leku eder bat hori pentsatzen hasteko". Uztaila hasieran Usurbilen. "Hortxe gonbita gustu baduzue, uztailaren 7an eta 8an elkar ikusiko dugu Usurbilen", luzatu zuen gonbita baita Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. Gaineratu zuenez, "ohore bat da Usurbilentzat halako bidaide apartekin etorkizun hori irudikatzea eta etorkizun hori ahal bada aurre egiten saiatzea". 

Ezinbestekotzat jotzen du etorkizunari aurre hartu eta "nolakoa izan daitekeen, nolakoa izatea nahi genukeen pentsatzea". Alkatearen esanetan, "nora jo jakiteko beharrezkoa da, maila globalean eta tokikoan ditugun erronkei, euskaratik eta euskaraz begiratzea eta juxtu horixe da aurtengo Jakin Jardunaldian hizpide izango duguna". 2040ra arteko eraldaketa demografikoa, "gai estrategikoa" Solaberrietaren esanetan, "ertz ugari dituena", eta horregatik ezinbestekoa iruditzen zaio, "elkarren eraginpean dauden" ertz horiekin guztiekin, eraldaketa demografikoaren gaiari "ikuspegi integral horretatik begiratzea eta erantzun ahal izatea". Ildo horretan, kezkagarritzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak estrategia demografikoari buruz kaleratu duen txostenean "hizkuntz politikari aipamenik ez egitea".

Nola antolatu elkarrekin
Lurralde oreka da Usurbilgo jardunaldiak hizpide hartuko duen beste gaietako bat eta horretan "hizkuntza kontuan hartuko den edota ongizate politiken zaintza", Kepa Sarasola UEU-ren zuzendariaren hitzetan.  "Zaintza ereduen demokratizazioa erdiesteko aztertu nahi da zer aukera dugun, nola egin edo antolatu nahi dugun, elkarrekin".

Sarasolak UEU-ren udako ikastaroen 50 edizio hauetan bidaide izan dituenak goraipatu ditu. "Bidaide oso onak izan ditugu", tartean, Usurbilgo Jakin Jardunaldia antolatzen seigarren urtez lankide izan dituen Jakin eta Usurbilgo Udala. "Kate oso luzea izan da, katebegi askorekin eta katebegi horietako bi dira Jakin eta Usurbilgo Udala. Hau da gure ondasuna".

Abiapuntutik 50 urteotan izan den eraldaketa ere nabarmendu zuen. "Duela 50 urte jendeak zalantzan jartzen zuen unibertsitateko gaiak euskaraz landu zitezkeenik. Egun frogatua dago egin daitekeela". Mende erdi honengatik "gure zorion sentikorrenak" helarazi zizkion Usurbilgo alkateak, "izan ere 50. hamarkadako berpizkundeak ekarri zituen herri proiektu ugari sortu eta martxan jartzea Euskal Herrian, euskara eremu berrietara zabaltzeko xedez. Horietako bat UEU izan zen. Euskarari unibertsitateko ateak zabaldu eta euskara bertan txertatzeko gai izan zen UEU". Mende erdia beteta, "bizi-bizi dagoen herri proiektu paregabea da".

Lorea Agirrek ere bat egin zuen zorion mezuarekin. "UEU-ri eskertza 50 urteotan egindako lan guztiagatik". UEU orain arte eta egun berezi egiten duten ezaugarriak nabarmendu zituen. "Izandako izpiritua, egiteko modua, lankidetzen sarea, unibertsitatea herriratzea, jakintzaren transferentzia soziala...".