Bi helburu nagusi finkatuak zituen Jexux Artze Kultur Elkarteak. Batetik txalapartaren kultura plazaratzea; besteak beste, zabalik duten eskolaren lanketa eta instrumentua bera. Eta bigarrenik, zendu zela 20 urte bete berri diren honetan, aipatu herri bilguneari izena emandako txalapartari usurbildarra omentzea.
Ardatz hauen bueltan antolatua zuten, larunbat eguerdi honetatik plazan ospatzen ari diren 1. Txalaparta Eguna. Hamaiketako eder baten laguntzaz, txalaparta eta instrumentu honi sarritan lagundu ohi dion adarra ikusi, ukitu eta jotzeko aukera izan dute Mikel Laboa plazara joandakoek.
Belaunaldi ezberdinetako herritarrak bildu ditu hitzorduak; tartean, antolatzaileak. Eta haiekin, udazkenaz geroztik zabalik den Txalaparta Eskolako kideak. Erakustaldi bikainak eskaini dituzte. Herri erromeri hau girotzen aritu dira baita, kalez kale aritu diren trikitilariak, eta festa honen bueltan, maiatzeko azken larunbata izanik, kantu-jiran zebiltzan Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideak.
Arratsaldeko 18:00etan Jexux Artze omenduko dute plazan, eta segidan, txalapartaz giroturiko Kimu Txalaparta eta Hutsun Txalaparta Taldeen emanaldiak.