20 urte zendu zela baina bere ekarpena guganaino bizirik heldu da. Antolakuntzak hautatu duen aldarriak ere "zihardutenean dihardugu" zioen, transmisioaren adibide argia. Eta lelo horrekin eta bere irudiarekin omendu dute 2002ko maiatzean zendu zen Jexux Artze, bere omenez bere izena daraman elkarteak larunbat honetarako, maiatzaren 28rako antolatu duen 1. Txalaparta Egunaren baitan.
Bere anaia Joxanekin txalaparta emanaldi bat baino gehiago eskaini zuen Dema plazan oroitu dute Jexux, besteak beste, Jexuxen Kirikoketa txalaparta taldeko kide zituenek, edota Zuaznabar familia ezaguneko kideak ere batu ditu hitzorduak. Denak txalapartaren bueltan, txalaparta joaz oroitu dute omendua.
Baita iazko udazkenetik martxan den Txalaparta Eskolako kide den Jexuxen alaba Iratik ere. Emanaldi honen ostean, senideak igo dira oholtzara. Orbeldi Dantza Taldeko kide Aitor Agirrek agurra dantzatu die eta Jexux Artze Kultur Elkartearen izenean bere lehendakari Joxe Ramon Furundarenak lore-sorta ere eskaini die. Omenduaren gaixotasunak jarri zuen berarekin hartuemanetan Joxe Ramon. "Konturatzen joan nintzen zer pertsona zoragarria zen. Benetako lagunak egin ginen, bera ezagutzeko zorte handia izan nuen".
Jexux hil berritan talde bat osatu eta merezitako omenaldia egin zioten. "Hain handia eta zoragarria izan zen, elkarte bat sortzea bururatu zitzaigula", gogoratu du Furundarenak. 20 urteotan kulturgintzan eragiten aritu den Jexux Artze Kultur Elkartea hain zuzen. Bilgune horretako eragileetako bat, gaur bereziki eskertu nahi izan duten Jexuxen emazte Beatriz Azaldegi.
Antolatzaileak, parte hartzaileak eta senideak batu dituen ondoko talde argazkiarekin borobildu dute, Jexux Artze gogoan hartu duen oroimen ekitaldia.