Izango da bestelako aldarriren bat plazaratzeko eguna, maiatzaren 28a ordea Hanburgesaren Nazioarteko Eguna ere bada. Eta Gipuzkoan Egile Hanburgesen Txapelketa ospatuz bizi izan zuten iragan larunbata Eibarren. Estreinakoz antolaturiko lehia honetan, Usurbilgo Otar Goxo saltokia nagusitu zen. Hanburgesa tradizional onenaren saria jaso zuen. Donostiako Arteagak hanburgesa berritzaile onenaren saria. Tolosako beste bi harategi sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan; Arozena eta Altuna hurrenez hurren hanburgesa tradizionalen txapelketan; berritzaileenean, Goierriko Oiarbide eta Donostiako Endika hurrenez hurren. Sari banaketan parte hartu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari nagusi Xabier Arrutik, Harakinak Gipuzkoa elkarteko lehendakari Mikel Urrestarazuk eta Eibarko alkate Jon Iraolak.
Hanburgesa tradizionalen modalitatean, haragiak behiarena izan behar zuen, gehienez jota %20a txerriarena. Baratxuria, perrexila, arrautza eta gatza eranstea aukeran. Hanburgesa berritzaileen modalitatean aldiz, haragi nahasketa nahi bezala egin zitekeen.
28 lehiakide
Epaimahaiak jakiok sukaldatu gabe eta sukaldatuta baloratu zituen. Jakion testura, zaporea eta usaina hartu zuten kontuan.
Txapelketa Gipuzkoako harakin eta harategien "Harakinak" izeneko elkarteak eta Gipuzkoako Merkatariak federazioak antolatu zuten maiatzaren 28an, Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta "Comercial Hostelera" enpresaren laguntzaz. Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain, Donostia, Eibar, Ibarra, Lasarte-Oria, Ordizia, Orio, Tolosa, Usurbil, Zarautz eta Zumaiako 28 saltokiek parte hartu zuten txapelketan.
Duten eskaintza plazaratzeko baliatu zuten hitzordua. Harategi txikizkarietan dastatu daitekeen lehengaien kalitatea balorean jartzea du et ahelburu ekimen honek, baita produktuon kontsumoa sustatzea ere.