Koronabirusa

Covid19-ak hil nahiz sufriarazitakoen oroimen gune berria Bizkarren

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 30a, 10:01

Bi urteotako osasun krisialdiaren eraginez hil direnen nahiz koronabirusak sufriarazitakoen aldeko oroimen gune iraunkorra izango du aurrerantzean Usurbilek Bizkarreko parkean. Larunbatean inauguratuko dute, eremu horretan kokatuko duten eskultura.

Abenduan egokitu nahi zuten baina atzeratzea erabaki zuten hitzordu hari egun berria jarri diote. Larunbat honetan, ekainaren 4an inauguratuko dute Bizkarreko parkean kokatuko duten "Lurra eman" izeneko eskultura. Jokin Eizagirre herritarrak ondutakoa. Sortze lan hau bera eta bere kokagunea, oroimen gune iraunkorra izango da aurrerantzean.

Bizi izan dugun bi urteotako osasun krisialdiaren eraginez zendu diren nahiz koronabirusak sufriarazitakoen oroimen gune iraunkorra hain zuzen. "Oroitzapen eta elkartasun gune ez ezik, itxaropenerako gune izateko bokazioa du" herritarrei eskainitako eremu honek, Usurbilgo Udalak zehaztu duenez.

"Lurra eman" eskulturaren inaugurazio ekitaldia, larunbat honetan, ekainaren 4an, eguerdiko 12:30etan hasita Bizkarreko parkean. "Herritar oro dago gonbidatuta", adierazi du antolakuntzak, Usurbilgo Udalak.