Usurbilgo sortzaile eta eragileen Kultur Azoka igandean

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 30a, 13:21

Udazkenaz geroztik abian den Usurbilgo kulturgunea eraikitzeko prozesuko bileretako bat.

Herri mailan kulturgintzan lanean diharduten eragileen nahiz sortzaileen lanketa ezagutu eta eraikitzen ari diren Usurbilgo Kulturgunea aurkezteko baliatuko dute ekainaren 5eko azoka.

Udazkenaz geroztik hausnarketa eta lanketa prozesu betean dira Usurbilgo kulturgileak. Lan-ildo ezberdinen bueltan bildu izan dira hilabeteotan Potxoenean, bilgune bat eraikitzeko asmoz. Egindako lanketa plazaratu asmo dute orain; ekainaren 5ean, igande honetan antolatu duten Kultur Azokarekin. Plazan ospatuko den hitzordu honek ikusgarri egin nahi du, arlo honetan Usurbilen dagoen mugimendua. Herri honek duen aberastasuna, eragile nahiz sortzaileak plazaratu nahi ditu, egiten duten lanketa ezagutzera eman, eta noski, zaletuekin harremandu.

"Bertan, herriko sortzaileen kultur azoka ospatuko dugu, arte ezberdinak jorratzen dituztenak, euren lanak bistaratuko dituena. Azoka honen helburua, herriko sortzaile eta elkarte ezberdinen berri ematea izango da, garrantzitsua baita kultur ekosistema bat osatzen duten adar guztiak zein diren jakitea". Ez soilik egindako lanketaren emaitza, lanketa prozesua bera erakustea izango dute helburu eragileok plazan kokatuko dituzten postuek.

Moda desfilea
Eguerdiko 12:00etan hasi eta 14:00ak arte luzatuko den azokan zenbait ekitaldi iragarri dituzte; tartean, abian den prozesuaren berri ere emango da. Usurbilgo Kulturgunea aurkeztuko dute. Kultur eragileen eta sortzaileen plaza izango da Usurbilgoa sei egun barru. Eremu partehartzailea izatea nahi dute, eta horretarako ezinbestekoa izango da zaletuak bertaratzea. Horren erakusle, besteak beste, Usurbilgo bi sortzaileren, Maider Alzaga eta Ione Iruretagoienaren moda desfileaz gozatu ahalko dugu. Modeloak behar zituzten baina taldea osatu dute jada.