Euskaraldia

3. Euskaraldirako herri batzordea osatzeko bilera gaur

Beste herrietan egiten ari diren moduan, Usurbilen ere urte amaieran euskararen erabileran eragiteko egingo den ariketa kolektiboaren prestaketa lanei ekiteko herri batzordea sortzeko deia luzatu dute. Lehen bilera, astearte honetan, maiatzaren 31n, arratsaldeko 18:30etan Potxoenean izango da. 

“Euskalgintzan aritzeko prest dagoena ongi etorria izango da, bultzada txikienak ere aurrera egiten laguntzen digulako. Zahar zein gazte, Ahobizi zein Belarriprest, denek izango dute zeresana batzordean”, adierazi dute deitzaileek.

Geure hizkuntza ohituretan eragin nahi du Euskaraldiak, “euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko”. Zer pentsatua eman ere bai. “Norberaren hizkuntza portera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea”. Ditugun inertziak apurtzea sustatu eta Euskaraldiak, gizartean eragiten duten entitate mota guztiek “hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea” baita. Izaera kolektiboa duen ekimen honen bidez, “gizarte aktibazioa bultzatzea”, euskaltzaleen artikulazioa eta arlo honetan diharduten eragileak ere ekimen bateratu honen bueltan antolatzea sustatu nahi dute. 

Helburu horrekin bat egiten duen herritar oro dago gonbidatua maiatza amaierako     hitzordura. Aurkezpen modukoa egingo da ekitaldi honetan. “Aurtengo Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzeaz gain, batzordearen dinamikaren berri eman eta bertaratuek zer-nola parte har dezaketen azalduko dugu. Denen ekarpenak izango dira ongi etorriak!”, adierazi dute deitzaileek.

Indartuta eta gogoberrituta ekingo diete Euskaraldiaren hirugarren edizioko prestaketa lanei. Azken urteotan, euskalgintzaren alorrean lanean aritu da herritar talde bat. Urrunago joan gabe, iaz  “Hikastea”, hitanoaren erabilera eta ezagutza sustatzeko ikastaro eta ekimen zikloa antolatu zuten.

Entitateen izen-ematea zabaldu dute
Momentuz, aurreko edizioan izena eman ez zuten entitateentzat hirugarren ekinaldi honetan parte hartzeko inskripzio epea zabaldu dute, baita beharrezkoa dutenek, izena emana dutenen kasuan, datuak eguneratzekoa ere. Euskaraz lasai aritzeko guneak sortu behar dituzte. Entitatetzat jo daitezke, herri eragileak, erakundeak, lantegiak... Aurreko edizioan bezala. Oraingoan ordea, erronka “euskararentzako ariguneak areagotzea” da.

“Emozioz ekingo diogu ariketari”
Entitateekin batera, norbanakoei ere parte hartzeko gonbita luzatuko zaie; Ahobizi nahiz Belarriprest ezagunei. Kasuotan, izen-ematea aurrerago irekiko du antolakuntzak, irailaren 28an. “Data horretatik aurrera izango dugu parte hartzea berretsi edo izena estreinakoz emateko aukera”. 

Hirugarren Euskaraldia, aurrekoen antzera, bi astez luzatuko da, azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2ra arte. Tarte horretan, “ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazagoa izan dadin. Belarriprestok eta Ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez egiteko garaia heldu da”, nabarmendu dute  antolatzaileek. Ariketa kolektiborako unea heldu artean, “herrietako batzordeetan parte hartzeko gonbitea egin nahi dizugu, Hitzez ekiteko garaia baita!”. Informazio gehiago, euskaraldia.eus atarian.