Udalbatzarra

Uztailaren 2a ez 3a jai, 2023an

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 31a, 14:00

Santixabel Eguna igandez egokituko denez, biharamuna, 2023an uztailaren 3a izango da Usurbilen jai.

2023an noiz eta zenbat jai egun izango ditugun zehaztua dago jada. Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako gorriz seinalaturiko egutegia onartu zuen hilabete hasieran ospaturiko Gobernu Kontseiluan. Aldaketa nabarmen bakarra; aurtengo irailaren 6a ez dela urtebete barru jai eguna izango. Ohi bezala, erlijio ospakizunei eta Espainiakoei lotutako jai egunak izango ditugu nagusiki.

Egutegi honi, beste bi egun erantsi behar zaizkio; batetik Foru Aldundiek herrialde mailarako festa egun bat hautatzeko eskubidea dute. Gipuzkoaren kasuan, aurten igandez egokitu ostean, 2023ko uztailaren 31, astelehena, San Inazio Eguna izango da jai. Udalek azkenik, udalerri mailako festa egun bat hautatzea dagokie. Baita noski Usurbilgoari ere.

Usurbilgo Udalak herri honetarako jai eguna izendatzeko aukera izaten du urtero, uztailaren 2a hautatu ohi du, Santixabel Eguna. 2023an ordea, igandez egokituko da. Horregatik, biharamuna, uztailaren 3a jai egun izendatzea proposatu zuen udal gobernu taldeak iragan maiatzaren 26ko udalbatzarrean. Aho batez onartu zuten proposamena.

Hemen duzue beraz, 2023rako jaien egutegia.

2023ko jai egunak
-Urtarrilak 6.
-Apirilak 6, 7 eta 10.
-Maiatzak 1.
-Uztailak 3 (Usurbilgo jai eguna), 25, 31 (Gipuzkoako jai eguna).
-Abuztuak 15.
-Urriak 12.
-Azaroak 1.
-Abenduak 6, 8 eta 25.