Udalbatzarra

LGTBIQ+ fobiaren aurkako mozioa onartu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 31a, 14:19

Maiatzaren 17an oroitu eta aldarrikatzen den LGTBIQ+fobiaren Aurkako Egunaren harira, hiru udal taldeek (EHBildu, PSE, EAJ) adosturiko mozioa aurkeztu eta onartu zuten, maiatzaren 26ko udalbatzarrean. Hainbat neurri hartzea eskatzen zaio Udalari. Hemen duzue mozioak dioena bere osotasunean.

LGTBIfobiaren aurkako eguneko mozioa
Maiatzaren 17an Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Egun horretan, OMEren Batzar Nagusiak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kendu zuen, eta horrela, amaiera eman zitzaion nazioartean homosexualitatea “senda daitekeen gaixotasuntzat” hartzeari. Hori 1990ean gertatu zen.

Aurten, 2022an, “Gure Gorputzak, Gure Bizitzak, Gure Eskubideak” leloarekin, IDAHO osatzen duten LGTBI kolektboaren eskubideak defendatzeko nazioarteko erakundeek pertsona guztiek sexu-orientazioa eta –identitatea askatasunez adierazteko duten eskubidea aldarrikatzen dute, inolako indarkeria eta diskriminaziorik jasan gabe. Gainera, trans eta intersex pertsonen bihurketa-terapien eta esterilizazio behartuaren amaiera eskatzen dute.

OMEk duela 30 urte baino gehiago hartutako erabaki hartatik LGTBI kolektiboaren eskubideetan egindako aurrerapenak nabarmenak dira, eta herrialde askotan lesbianak, gayak, transexualak, bisexualak eta intersexualak ahalduntzeko eta babesteko balio izan dute.

Gaur egun, ehunka milioi pertsona bizi dira askatasunez maitatzeko eskubidea babesten den herrialdeetan; baina, zoritxarrez, are eta gehiago dira kolektibo hori jazartzen eta kriminalizatzen duten herrialdeak. Gaur egun, 69 estatuk dituzte sexu bereko helduen artean adostutako sexu-egintzak zigortzen dituzten xedapenak.

Gainera, 6 herrialdeetan, heriotza-zigorra harreman sexual homosexualetarako legez ezarritako zigorra da; beste bostetan, berriz, zigor bera ezar daitekeela diote hainbat iturrik.

Egin diren aurrerapenen garrantzia ezagutzen dugu, baina jakin badakigu oraindik urrun gaudela gure azken helburutik, hau da, LGTBI kolektiboko pertsonek egunero aurre egin behar dieten gorroto-delituen eta diskriminazioaren amaieratik.

Tipologien araberako banaketa ezagutu gabe, badakigu 2021ean gorroto-delituen guztizkoa %40 baino gehiago handitu zela 2020arekin alderatuta, eta, Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, 1802 salaketa jaso zirela gorroto-delituengatik (aurreko urtean baino 530 gehiago), eta horrek marka tristea dakar serie historikoaren gertakari horiek zenbatzen direnetik.

Horri lotuta, Stonewall Britainia Handiko elkarteak egin duen ikerketa batek argi erakusten du jarrera homofoboak oso ohikoak direla oraindik ikastetxeetan. Izan ere, LGTBI ikasleen erdiek irainak jasotzen dituzte ikastetxean edo bost gazte transexualetatik lau baino gehiago autolesionatu egin dira noizbait, eta baita bost gazte lesbiana, gay edo bisexualetatik hiru ere.

Datu hauek gure lurraldekoak ez izanagatik ere, gure herri eta hirietan ematen den fenomeno baten isla badira eta LGTBI kolektiboak oraindik ere jasaten duen marjinalizazioa eta estigmatizazioa erakusten dute.

Gainera, pandemiaren eraginez, azken bi urteak benetan latzak izan dira herritar guztientzat, are gehiago LGBT+ kolektiboarentzat. Izan ere, desberdintasunaren arrakala areagotu egin da eta kalteberatasun egoerak eremu askotan indartu dira, sare sozialetan, esate baterako. Horregatik, ezinbestekoa da sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatzea bereziki, azken aldian Euskal Herrian eman diren eraso eta erailketa homofoboak irmo salatu nahi ditugu.

Beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dagoen heteronorma zalantzan jarri eta eraldatzea; haatik, LGBT+ kolektiboaren aurkako aurreiritzi ugari indarrean daude gure herrian. Zentzu horretan, genero-identitate, sexu-orientazio eta sexu-adierazpen guztientzat herri bizigarria sortu behar dugu. Gizarte osoaren erantzukizuna da diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzen jarraitzea.

Herritar guztion zeregina da ahaleginak batzea gizarte berdinzale, inklusibo eta anitza lortzeko.

Horregatik guztiagatik, Usurbilgo Udalbatzak ondorengo neurriak har ditzala proposatzen dio Udal Gobernuari:
1-Berdintasunerako eskubidearen eta sexu- eta genero-identitateagatiko zein sexu-orientazioagatiko diskriminaziorik ezaren alde lanean jarraitzeko.
2-LGTBI-fobiaren bikimei arreta emateko hurbileko zerbitzuak areagotzeko eta abian jartzeko.
3-Usurbilgo ikastetxeekin LGTBfobia ekiditeko elkarlanerako aukerak ikusi eta ahal den neurrian martxan jartzeko.
4-Kolektiboko erakundeekin lankidetza-sareak bultzatzeko eta/edo ezartzeko, horiek baitira, askotan, biktimei arreta emateko abangoardia.
5-Prestakuntza- eta sentsibilizazio-kanpainak egitea.
6-Udaltzaingoaren prestakuntza sustatzea LGTBI-fobiaren biktimen prebentzioaren eta arretaren arloan.