Udalbatzarra

Eukaliptoaren landaketa debekatzeko eskaera

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 31a, 14:55

Hala galdegiten du Anerreka ingurumen elkarteak aurkeztu eta maiatzaren 26ko udalbatzarrean gehiengo osoz (EHBildu, PSE alde; EAJ aurka) onartu zuten mozioak. Lerrootan duzue mozioak dioena bere osotasunean.

Eukaliptoaren aldekoak ez diren arren, EAJ-k mozio honen aurka bozkatuko zuela iragarri zuen iragan asteko udalbatzarrean, basogintza udal eskumena ez dela nabarmenduta, eta momentuz, gaiak Usurbilen arazorik eragiten ari ez denean, “muturreko irtenbidea ematea” iruditzen zaio EAJ-ri. “Baso jabeei zer landatu esan behar diegu?”, galdetu zuen Josune Urkola bozeramaileak. Gai honen erdigunean jarri beharrekoa, kudeaketa txukuna egitea dela irizten diote.

HAPO-a, prebentziorako tresna
“Guztioi eragiten digun arazoa da”, eta neurriak hartzeko beharra dagoela nabarmendu zuten udal gobernu taldetik. Kezka agertu zuten, Andatzan bota duten zuhaitzen eremua “oso erraz joan daitekelako horretara”. Hain zuzen, “eukaliptoa behin landatzen da eta gero bera etortzen da azpitik”. Onartze bidean duten Hiria Antolatzeko Plan Okorra (HAPO) “prebentzio politikak burutzeko” bideratu nahi dutela iragarri zuen EHBilduk, “bestelako baso politkak lantzeko”.

Ildo beretik, udalbatza aretora joandako Anerreka ingurumen elkarteko ordezkari Joxe Mari Irazustak ere eukaliptoen hedatzean “Usurbil ez da uharte bat. Olatu bat bezala dator”, ohartarazi zuen, kaltegaria zela nabarmenduta. EAJ-k eginiko adierazpenei erantzunez, “lurjabea izateak nahi duzuna egiteko eskubidea” ez duela ematen adierazi zuen.


MOZIOA
Usurbilgo udalerriko esparruan eukaliptoa landatzea debekatzeko mozioa
EHU eta Aranzadi zientzia-elkartearen arteko elkarlanean eukalipto-landaketak Euskadin eta Iberiar Penintsulan eragiten dituzten ingurumen-kalteei buruzko txostena, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzaren agindura egindakoa, Munibe aldizkari zientifikoan argitaratuta dago (Efectos ambientales de las plantaciones de eucaliptos en Euskadi y la península ibérica. Munibe Cienc. Nat. 68, 2020).

Txostenaren emaitzek ez dute zalantzarik uzten: eukaliptoen eragina kaltegarria da ingurumenerako, eukalipto-landaketen hedatzea kaltegarria litzateke lurzoru eta hidrologiarentzat nola biodibertsitatearentzat. Eta eukaliptoen hedapenak Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan diren espezieak are gehiago mehatxatu ditzake.

Era berean, 630/2013 Errege dekretuak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako katalogoa antolatzen du, non zerrendatzen diren bertako ekosistema, habitat eta espezieentzat arriskutsuak diren espezie arrotzak. Dekretu horrek gainera katalogoaren Batzorde Zientifikoa arautzen du. 2017an Batzorde Zientifiko horren CC 30/2017 ebazpenak honokoa zioen:

“Constatado con los datos científicos disponibles el carácter invasor de las especies de Eucalyptus naturalizadas en nuestro país, se concluye que se debería incluir en el Catálogo Español de Especies Exóticas Invasoras regulado por el R.D. 630/2013, de 2 de agosto, bajo el criterio de IUCN (2000), a todas estas especies: Eucalyptus camaldulensis, E. globulus, E. gomphocephala, E. gunnii, E.nitens y E. sideroxylon, así como cualquier otra especie de este género cuyo destino sea la explotación forestal, debido al alto riesgo de invasión por estas especies consecuencia de sus características biológicas, fisiológicas y ecológicas. Se recomienda extremar la precaución con nuevas introducciones y plantaciones, y se recomienda un seguimiento local y llevar a cabo medidas de erradicación antes de que se produzca la invasión siempre que se observe naturalización de cualquier especie de Eucalyptus en nuestro territorio”.

Euskal Autonomia Erkidegoen eukaliptoz estalitako azalera 4 aldiz biderkatu da azken hiru hamarkadetan, eta dagoeneko lurraldearen %2,6 estaltzen du. Mendebaldetik eta Bizkaiko kostaldetik Araba eta Gipuzkoara zabaltzen ari da. Azalera horren %60 inguru Eucalyptus globulus-ek estaltzen du, %37 E. nitens-ek eta %3 beste eukalipto espezie batzuek.

Bestetik, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak dioen moduan, mendietan egiten diren jarduerak eta erabilerak antolatzea, kudeatzea eta zaintzea udalerriko eskumen propioak dira. Lurralde eta hirigintza plangintzako 2/2006 Legeak, bestalde, herriko ingurumena era egokienean mantentzeko neurriak hartzeko eta lurzorua, lurpea edo lur-gaina erabiltzea dakarten jarduketetarako hirigintza-lizentzia eskatzeko udalek dituzten ahalmenak ezartzen ditu; ahalmen horiek maniobra-tarte bat irekitzen dute, beraz, gai hau arautzeari dagokionez.

Usurbilgo Udala HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren hasierako dokumentua idazten ari da azken urteotan. HAPOak udalerriko lurzoruen erabilerak arautzen ditu, eta, besteak beste, ingurune naturala.

Plangintzaren Irizpideak eta Helburu zehatzen arteko 1. helburuak honela dio: “Baso lurzoruaren multifuntzionaltasuna bermatzea, natur zikloak aintzat hartuko dituen baso erabilera orekatua sustatuz eta bertako basoaren babes eta birsorketarako lurzoru berriak gordez”.

Hau guztia kontuan harturik Usurbilgo udalbatzak erabakitzen du:
1-Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritu arte eta horretan zehaztu arte lurzoruaren erabilera posibleak, debekatzea udalerri guztian eukalipto-landaketak egitea, ebidentzia zientifikoei men eginez.
2-Eusko Jaurlaritzari eskatzea, ahalik eta lasterren, eratu dezala Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoa eta berehala ireki dezala Eucalyptus espezie desberdinak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoan sartzeko administrazio-prozedura.
3-Foru Aldundiei baso-politikak alda ditzatela eskatzea, beren lurraldeetan eukalipto gehiago landatu ez daitezen, eta titulartasun publikoko zein pribatuetako mendietan egun dauden eukalipto-sailen ordezkapen ordenatua planifika dezaten.