Udalbatzarra

Beste lau urterako lankidetza berrituko du Udalak jubilatuen elkarteekin

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 31a, 13:59

Lau urtero egokitzen den moduan, Aginaga, Santuenea eta Usurbilgo jubilatu elkarteekin lankidetza hitzarmenak berritzea onartu zuen udalbatzak iragan asteko osoko bilkuran.

Lau urteroko hitzarmenak berritzea egokitzen zen eta horren alde, Aginagako Arrate, Santueneako Gure Elkartea eta Usurbilgo Gure Pakea elkarteekin hitzarmenok beste lau urterako luzatzea erabaki zuen udalbatzak aho batez, maiatzaren 26ko osoko bilkuran. Hitzarmenon helburua, bilguneontzako “dirulaguntza erregimena eta Udalak prekarioz lagatuko dion lokalaren erabilpena arautzea da”.

Artzabalgo jatetxearen kudeaketa
Horrekin batera, Gure Pakearen kasuan, bilgune honen egoitzan kokaturiko Artzabal jatetxearen kudeaketa zerbitzua emateko kontratua egungo kudeatzaileari beste urtebetez, 2023ra arte luzatzea ere onartu zuten. 5 urte igarota, 10 urte bete arte urtez urte berritzeko aukera dago. Bigarren luzapena litzateke honakoa.