Udalbatzarra

Aldaketak, Dirulaguntzen Plan Estrategikoan

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 31a, 11:22

2020-22 urte arterako Usurbilgo Udalak onartua duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, “Gazteria eta Hezkuntza Sailetako 2022ko eranskinen aldaketa” bideratzea onartu zuen udalbatzak, maiatzaren 26ko osoko bilkuran.

Gazteria saileko eranskin aldaketa, Ziortzak uztailerako Peñaloscintosen (Errioxa) antolatu duen kanpaldiko izen-emate deialdi arrakastatsuak eragin du. Orain arte dirulaguntza zehatz bat bideratu izan du Udalak ekimen honetara. Baina aurreikuspenak gainditu dituen aurtengo matrikulazio kanpainak, Ziortzak dituen azpiegiturak txiki utzi ditu. Bi txanda antolatu ordez hiru iragarri ditu azkenean, izena eman duten gazte guztiak kanpaldira joateko aukera izan dezaten. Azpiegiturak egokitu beharra eskatu dio antolakuntzari eta ondorioz, aurreikusia zuenaz gain, Udalak 2.000 euroko dirulaguntza ematea erabaki du eta horrek eragin du Dirulaguntza Plan Estrategikoko gazteria saileko eranskina aldatu beharra.

Kanpo espazioa aberasteko
Hezkuntza sailekoa, Udarregi Ikastolaren egitasmo batek. Ikastolak abian duen proiektu pedagogikoaren testuinguruan, besteak beste, kanpo espazioa egokitzeko lan talde jardunean dute. Hilerri zaharrean edota Haur Eskola atarian eserleku eta jolastokiak egokitu dituzte. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza deialdi batera aurkeztu zuten eta onartua izan da. 5.000 euroko laguntza jaso du, Udalak beste 4.000 euroko ekarpena egingo du. Eta horrek kanpo espazioko eskaintza aberastuko duen espazio berri bat egokitzea ahalbidetuko du. Herrian egun ez dauden elementuez hornitua egon eta herritar ororentzako erabilgarri egongo dena.