Kultur agenda

Ekaina, kulturgunearen aurkezpenaren eta bueltan datozen jaialdien hilabetea

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 1a, 14:08

Usurbilgo kulturgileen azokak eta covid19ak hildakoen aldeko oroimen gune berriaren inaugurazioak emango dio hasiera, ekainean izango dugun ekitaldien eskaintzari. Jai giroan agurtuko dugu.

Ekainari hasiera eman berri diogun honetan, ate joka dugu noski denboraldi amaiera, uda, oporrak eta festa giroa; tartean, bueltan datozen ikasturte amaierako jaialdiak eta herri nahiz auzoetako ospakizun egunak. Horren ispilu argia da Usurbilgo Udalak egunotan etxez etxe banaturiko hilabete honi dagokion kultur agenda. Nabarmentzekoen artean, hilaren 29an hasiko diren Usurbilgo festen aurretik, Kalezarko San Juanen itzulera; ekainaren 23tik 26ra. Bi urteotako osasun krisialdi aurreko ohiko moduan ospatuko dira; eskea, sua, kontzertu gauak, oilasko biltzaile txikien jira edota auzotarren arteko herri kirolak iragarri dituzte.

Lehenago, bueltan datozen Udarregi Ikastolako eta Zubietako Eskolako ikasturte amaierako ospakizunak izango ditugu. Biak ala biak datorren astean zehar, ekainaren 6tik 12ra. Zubietakoen kasuan, bertako guraso elkarteak UdaFest ekimen astea antolatu du, eskulan, herri kirol edota patata tortila txapelketaren jiran. Udarregikoen kasuan, ekainaren 11 izango da festa egun nagusia, Ikastola Eguna bera, ikasleen jolas, kantu saio eta komunitate osoa bilduko duen herri bazkari batekin. Aurretik ordea, bezperarako txokolate janak eta Dj GorkaMendik giroturiko arratsalde pasa, edota Inurri Elkartea laguntzea helburu izango duen elkartasun azoka antolatu dute ekainaren 6rako.

Ekainaren 18an auzolana, musika eta 2. Uxue Trail
Ikastetxeekin batera Zumarte Musika Eskolak ere 2021-22 ikasturtea agurtzear du. Ikasle eta irakasleen emanaldi zikloa antolatzen dute urtero. Aurtengoan ordea berrikuntzekin dator ekimena. Ekintzen astea izan beharrean, "ZumartEguna" antolatu dute ekainaren 18rako. Musikaz blaituko dute eguna, herriko txoko desberdinetan.

Egun horretarako antolatu dute baita, osasun krisialdiak etendako 2. Uxue Trail, Andatza zeharkatuko duen mendi lasterketa solidarioa, Uxue Martin Usurbilgo gaztetxoak duen gaixotasun arraroa ezagutarazi eta "Phelan-McDermid" izeneko sindromearen ikerketa diruz laguntzeko. Probarako izena, kronoak.com bideratu daiteke. Lau lasterketa modalitate dituzue aukeran; Uxue Trail Luzea, 11,5 kilometroko Uxue Trail Motza, 7,5 kilometroko Ipar Martxa eta 5,5 kilometroko Uxue Paseoa izenekoa. Eta baita dortsal solidarioa eskuratzeko aukera.

Lasterketa igaroko den zonalde berean, Andatzan Usurbil 1936 elkarteak inguru horretako gudalekuak berreskuratzeko deitutako auzolanean parte hartzeko aukera izango du nahi duenak. Izena usurbil1936@gmail.com helbidean eman behar da.

Kulturgunearen aurkezpena eta "Lurra eman" eskulturaren inaugurazioa
Estreinatu berri dugun urteko seigarren hilabete hau ordea, bi hitzordu nagusirekin abiaraziko dugu asteburuan. Ekainaren 4an, larunbatean, "Lurra eman" izeneko eskultura inauguratuko dute Bizkarreko parkean 12:30etan, covid19-ak hildakoen nahiz sufriarazitakoen oroimenez. Eta biharamunean, hilaren 5ean, Kultur Azoka berezia ospatuko da plazan. Usurbilgo sortzaileen eta kultur eragileen erakusleihoa izango da, egiten duten lanketa ezagutzera emateko eta hartuemanak estutzeko baita. Azoka girotua izango da, eta hilabeteotan bideratu duten barne prozesuaren baitan forma ematen joandako kulturgunea aurkezteko baliatuko dute hitzordua.

Bi hitzaldi eta proiekzioa
Hitzaldien atalean, bi hitzordu: batetik, maiatzaren 12rako iragarria egon arren, ekainaren 9ra atzeratu duten "Umorea disekzio-mahaian: feminismotik eta euskaratik", solasaldia Idoia Torregarai eta Ane Labakarekin. "Ane Labakak ondutako “Algara mutilatuak” lana oinarri, umorearen inguruan arituko dira Labaka bera eta Idoia Torregarai. Umorea egiteko erak eta haien ondorioak izango dituzte jopuntu, ikuspegi feministaren optika argigarritik". Bestetik, ekainaren 28ko LGTBIQ+ kolektiboaren harrotasun egunaren atarian, "Sexu aniztasuna herrietan: eta Usurbilen zer?" hitzaldi-tailerra antolatu du Usurbilgo Udalak; "zerk egiten du LGBTIQ+pertsonok herriak uzteko hautua hartzea? Zergatik “ihes” egiten dugu hirietara? Zergatik da hain garrantzitsua geure komunitateak herrian bertan sortzea?” hizpideen bueltan.

Ekaineko ekitaldien eskaintza zabalaren aipamena borobiltzeko, "Urak aske, presak kendu, ibaiak berreskuratu" dokumentala proiektatuko du Anerreka ingurumen elkarteak ekainaren 16an Sutegin. "Artikutzako eta Vezins-eko (Normandia) presak husteko eta kentzeko egindako pausoak jasotzen dira dokumentalean".

Egunez egun, datozen asteotan Usurbilen izango dugunaren berri, web orrialde honetako "Agenda" atalean.