Iragan udazkenetik barne lanketa betean da Usurbilgo kultur mugimendua; herri eragile, talde, elkarte, norbanako edota sortzaileak elkar ezagutzen, dituzten beharrak identifikatzen, aurrera begirako erronkak marrazten... Eta bilgune bat, kulturgune bat eraikitzeko lanean. Prozesu horretan geldialditxo bat egin eta plazara ateratzea erabaki dute.
Ekainaren 5ean, igande honetan izango da. Plazaratu nahi dutena, egunerokoan ikusten ez dugun beste aldea da. Herri bizia baita Usurbilgoa, hamaika dinamika bideratzen dira urtean zehar. Baina egindako lanketaren emaitza baino ez da ikusten gehientsuenetan. Ezkutuan geratzen da, azken emaitza horretaraino jorraturiko lanketa edo sorkuntza bidea. Eta hauxe da hain zuzen, igande honetan bistaratu nahi dutena. Horretarako antolatu dute Kultur Azoka herriko plazan, eguerdi partean, 12:00etan hasi eta 14:00ak arte.
Ezagutu eta harremantzeko
Bi orduko tarte horretan, Usurbilgo kultur eragile, talde, elkarte nahiz norbanakoek, herriko kulturgileek postuak egokituko dituzte. Herri honen kultur mugimendu biziaren erakusleihoan bilakatuko da Dema plaza. Ez da ohiko salerosketarako azoka izango, Usurbilgo sorkuntza, kulturgintza ikusi, ezagutu, galdetu, eta kulturgile nahiz kultur zaletu ororen artean harremantzeko eremua izango da.
Hitzordua gainera, hilabeteotan eragileok bideratu eta lantzen joan diren kulturgunea aurkezteko baliatuko dute. Kultur Azoka girotua izango da beraz, ekainaren 5erako iragarri dutena. Txalapartari eta bertsolariek giroturiko irekiera izango du. Eta herri honek dituen sortzaileen artean, herriko bi diseinatzaileren eskutik, herritarren moda desfileaz gozatzeko aukera izango dugu. Adi, aste hasieran desfile honetarako herritar bila zebiltzala adierazi zuten antolatzaileek. Taldea osatu dute jada.
Herrian dugun kultur altxor preziatua sakonago ezagutu, balorean jarri eta mugimendu honetara gerturatzeko aukera aparta beraz, hilaren 5ean.
Ekainak 5, igandea
Usurbilgo Kultur Azoka
12:00 Azokaren irekiera, bertsolariak eta txalaparta.
12:45 Usurbilgo kulturgunearen aurkezpen ekitaldia.
13:30 Moda desfilea.
Antolatzailea: Usurbilgo kulturgunea.