Dantzariak, antzezleak, musikariak, idazleak, denetariko kulturgileak... Usurbil herri bizia dela esan beharrik ez da. Noiznahi parte har dezakegu norbanako nahiz herri eragile anitzek antolaturiko ekimenetan. Gehienetan ordea, ez zaigu ezaguna dinamika hauen guztien atzean dagoen lanketa edo sormen prozesua. Horixe da hain zuzen eragileok argitara, plaraza atera nahi dutena. Formatu berezi batean, azoka baten bidez, igande honetan bertan, ekainaren 5ean. Usurbilen denetariko hitzorduak ikusi baditugu ere, “orain arte halakorik ez da egin”, ohartarazi digute antolatzaileek.
Harremantzeko
Ahaztu beraz, orain arte ohituan ginen azoken formatuez. Igandekoa berritzailea izango da; ez da ohi den moduan salerosketa lehenetsiko, herrian dagoen kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu. Hainbat postuetan ikusiko dituzue herriko kultur talde, elkarte, sortzaile, nahiz norbanakoak. Zertan aritzen diren, haien lanketa edo sormen prozesua hurbiletik ikusi ahalko duzue, haiekin harremandu. “Bukaerako emaitza ikusten da beti. Sortzaileen prozesua da aurkeztu nahi duguna, nondik nora abiatzen diren, bakoitzak zer bide jarraitzen duen...” .
Aniztasuna, plazara
Alderdi ezezagun hori, ezkutuagoan geratu ohi den sormen edota antolaketa lana bistaratu nahi dute, antolatzaileek gogorarazten duten moduan, kultur eskaintza oparoa izatera ohituak bagaude ere, “oso ezezaguna da” eta. Eragile zein norbanakoak ere ezagutzeko aukera izango dugu. “Asko gara, oso ezberdinak”. Aniztasun hori plazaratzea ere “oso polita izango da”, iragarri dute Usurbilgo Kultur Azokaren antolatzaileek. Jakinminez, begirada horrekin hurbiltzeko dei egin gaituzte ekainaren 5ean. “Jendea gonbidatu nahi dugu azokara, jakin dezatela zertan ari garen”. Herritar guztientzako zabalik egongo da plazan egokituko duten eremua. “Kultur ekosistema osatzen duen oro, herritar oro dago gonbidatua dago”.
Kulturgunea eraikitzen
Kultur dinamika ezin aberatsagoa duen udalerri honetan, dauden gabeziei aurre egin, indarguneei eutsi, kulturgileen beharrak ezagutu eta bilgune bat eraikitzen joateko prozesu betean izan dira arlo honetako eragile nahiz norbanakoak iazko urte amaieratik. Marko teoriko bat lantzeaz gain, helburuon bueltan ari dira: sorkuntza bultzatzen, sortzaileei plazak eskaintzen, sorkuntza horien komunikazio eta transmisio lanean...
Kulturgunearen aurkezpena
Barne lanketa prozesu honetan geldialdi bat egin eta plazara ateratzea erabaki dute. Udazkenetik bideratu duten lanketaren emaitza ezagutzera emateko ere baliatu nahi dute ekainaren 5eko Kultur Azoka. “Kulturgunearen aurkezpen publikoa egiteko” hain zuzen.
Lankidetza bide polita
“Bide polit bat ireki dugu”, adierazi diote NOAUA!ri. Eta norabidea argi dute. “Denak elkartu eta bide beretik joanda elkar lagundu gaitezke”. Igandeko azokaren eta udako etenaldiaren ostean, lanketari heltzekoak dira. Kultur bilgune honek zabalik ditu ateak edonorentzat, “irekia egoten segitzen du”, NOAUA!ri adierazi diotenez. “Ekosistema horren baitan denok gaude”, gogorarazten dute. “Sortzaileak, antolatzaileak edota kulturzaleak”. Plazarako deia guztiontzat beraz.
Azoka girotua, kulturgileen plazan
Kulturgileak ekitera ohituak daude, ez hainbeste egiten duten hori erakustera. Ariketa kolektibo berri baten atarian da Usurbilgo kultur mugimendua, ekainaren 5eko azokaren bidez. Hitzordua eguerdiko 12:00etan finkatua dute. Pare bat orduz, 14:00ak inguru aldera arte, herriko plazan egokituko dituzten postuetan aurkituko dituzue.
Desfile herrikoia
Azoka girotua izango da ordea, bai hasteko unean, eta baita eguerdi partean zehar ere. Bi hitzordu behintzat ezagutzera eman ditu antolakuntzak; batetik, kulturgileen bilgunea ere modu berezi eta original batean aurkezteko baliatuko dute hitzordua. Aste hasieran bestalde, web orri bidez ezagutzera emandako deialdia ere hor dago; herriko bi diseinatzaileren eskutik, moda desfile batez gozatzeko aukera izango dugu. Eta adi, desfilatuko dutenak herritarrak izango dira. Taldetxoa osatua dute jada.
Ekainak 5, igandea
Usurbilgo Kultur Azoka
12:00 Azokaren irekiera, bertsolariak eta txalaparta.
12:45 Usurbilgo kulturgunearen aurkezpen ekitaldia.
13:30 Moda desfilea.
Antolatzailea: Usurbilgo kulturgunea.
