Kultur Azoka

Herrikideek giroturiko Kultur Azoka igandean

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 3a, 11:22

Herriko plaza Usurbilgo kulturgileena izango da igande honetan, ekainaren 5ean. Usurbilgo kultur talde, elkarte nahiz sortzaileena. Herriko kultur mugimenduarena. Erakusleiho txikiez osaturiko herriko kultur erakusleiho nagusia bistaratuko du hitzorduak. Parte hartzailea izango da; eragileen arteko hartuemanak sendotzea du helburu, baita kultur sortzaile eta zaletuen artekoak ere. Kultur bilgunea aurkezteko baliatuko dute.

Postuetara bertaratu eta eragile hauei guztiei izena eta aurpegia jartzeko moduan izango zarete, baita noski, egiten duten lanketa prozesua ezagutzekoa ere. Jakinmina asetzeko aukera izango da, girotua izango den azoka honetan. Zenbait adibide segidan.

Egitarauari erreparatuta, bertsolari eta txalapartariek emango diete hasiera azokari, igande eguerdiko 12:00etan. Azokan zehar, herriko bi diseinugileren (Maider Alzaga eta Ione Iruretagoiena) moda desfileaz gozatzeko aukera izango da. Herritarrek desfilatuko dituzte bi sortzaileon arropak. Horrekin batera, hilabeteotako prozesuan zehar, forma ematen joandako kulturgunea aurkezteko baliatuko dute azoka.

Eta hainbat postu izango dira ikusgai. Adibide moduan aipatzearren, Zorione Mendez "Marrak" proiektuarekin plazaratuko da. "Nire lana-proiektu-obra-zati bat ezagutzeko aukera ere izango duzue beste batzuenarekin batera". Kabienek ere postua jarriko duela iragarri du. "Bertan izango duzue ikusgai Kabieneren sorkuntza uzta", iragarri dute sare sozialen bidez.

Kultur elkarte honek ere, NOAUA!-k ere txokoa izango du azoka honetan. Hogei postutik gora espero dira ekainaren 5eko hitzorduan. Musikariak, dantzariak, idazleak... herri honek duen kultur uztaren lanketa prozesua erakutsiko da. Aurreikuspenak gainditu dituen Buztinzuloko kideek eskuz landutakoa plazaratuko dute. Azaroa amaieran ospatu zen Hurbilagoren Udazkeneko Azokan egokitu zuten tailerrean parte hartu zutenei, landutako sortze lanak jasotzera joateko gonbita luzatu dute. Gainerakoan ikastaroetako lanketa eramango dute hitzordura.

Usoa Zumetak ere postua jarriko du eta azokara erabilitako kamisetak eramateko deia egin du. Kulturgunearen irudia dena estanpatzeko aukera izango da kamisetetan. Herrian urtean zehar kulturgintzan aritzen diren talde eta elkarte hainbaten bilgunea izango da azoka; eraikitzen ari diren bilgune hori bera aurkeztu nahi dute eta hitzordu honen bidez.