Ekainaren 17an

Ikasturtea agurtzeko kantu afaria

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 4a, 14:41

Amaitzear dugun udaberri honetan plazara itzuli den Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak ekainaren 17an Patrin antolatu eta abestuz girotuko duen afariarekin borobilduko du ikasturte labur hau, irailera arte.

Badoaz, baina oraingoan ez osasun krisialdiak behartuta, uda parteko oporretara baizik. Usurbilgo Euskal Kantu Taldea ohi baino laburragoa izan duten 2021-22 ikasturtea agurtzear dira. Gogoan izan, pandemiaren eraginez, bi urteetan jarduna etenda izan ostean, udaberri honetan itzuli dira plazara. Martxoa amaieran eskaini zuten bi urteren osteko lehen kantu-jira. Euskal abestien errepertorioarekin herria girotzen segi dute apirileko eta maiatzeko azken larunbatetan ere. Asteleheneroko entseguei ekin diete berriz. Astelehenero entsegu saioetan biltzen dira, 18:00-19:30 artean Agerialdeko musika gelan.

Aipatu moduan, uda ate joka duten honetan, oporretara doaz. Aurretik ordea, kantu afaria antolatu dute ekainaren 17an Patri jatetxean. Izena aurrez bideratu ahalko da. Ez ahaztu, kantu-liburuxka eramatea. Eskura ez duenak, afarian bertan nahiz NOAUA! Kultur Elkartean eskuratu ahalko du. Hitzorduaren helburua, 13 urteotan aipatu herri bilgune honetatik sustatu dutena; taldean kantuan aritzea, euskaraz. Atzoko eta gaurko abestien bueltan, agerikoa den transmisio lana eginez.

KANTU AFARIA
Eguna: ekainak 17, ostirala.
Ordua: 20:30.
Tokia: Patri jatetxea.
Menua: urdaiazpiko-kroketak; entsalada, gazta urdina eta intxaurrekin; etxean egindako bakailao bricka; entrekota piper gorri eta patata frijituekin; laranja-budina txokolate bero eta izozkiarekin; kafea/infusioa; urteko ardoa/sagardoa.
Oharrak:
-Kopuru mugatua.
-Kantu-liburuxka NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo afarian bertan eskuragarri.
Izen-ematea: 688 69 03 61 (Iban).
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.d