"Zain dezagun maite duguna. Ingurumena, bizitza, komunitatea. Covid19-ak hildakoen omenez", irakur daiteke gaurtik Usurbilgo Udalak Bizkarreko parkean ezarria duen plakan. Mezuak argi dioen moduan, koronabirusak hildakoak oroitzeko gunea egokitu du Udalak Bizkarreko parkean. Larunbat honetan izan da irekiera ekitaldia. Jokin Eizagirre Sagardia herritarrak ondutako "Lurra eman" eskultura inauguratu dute hitzorduan zehar.
Sortzaileak berak adierazi duenez, "hemen ikusten duguna da pertsona bat lurperatzen ari dela eta bere azken arnasean arbolek sortzen duten oxigenoaren bila bizitzari heldu nahian daudela". Hortxe, "Lurra Eman" izeneko eskulturarekin adierazi nahi izan duena. Eskerrak helarazi nahi izan dizkio Udalari, halako sortze lan bat egiteko aukera emateagatik eta baita udal langileei ere eskainitako laguntzagatik.