"Oroitzapenaren eta elkartasunaren gunea izatea nahiko genuke, baina oroz gain, itxaropenerako gunea izateko bokazioz sortu da. Ez dezagun ahantzi gertatzen ari zaiguna". Usurbilgo Udalak herritarrentzat Bizkarren egokitu eta larunbat honetan inauguratu duen eremua hain zuzen, "covid19aren ondorioz hil diren edo sufritu duten" herrikideen omenez. Udal gobernu taldetik ekitaldian zehar gaineratu dutenez, "hildakoak ez ezik haien senitartekoak eta izurritean hainbat eta hainbat arlotan lan egiten duten profesionalak, herrikideak ere omendu nahi ditugu".
Oroimen gunea izatea nahi dute. Lur Etxeberria udal ordezkariak aipatu duen moduan, "garai gogor eta zail hau bukatzeko dugun gogo eta beharra" izan arren, "horrek "ezin gaitu gertatu dena ahanztera kondena". 2.049 herritarrei eragin die koronabirusak datu ofizialen arabera eta 8 hildako eragin ditu gutxienez Usurbilen. "Ezin dezakegu ahaztu zenbaki bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela, herrikide bat".
"Mundu hobeago bat eraikitzeko"
Asko hil dira osasun krisialdi honetan zehar ezarri diren murrizketa latzen eraginez, "bakardadean" Udaletik gogorarazi dutenez, "bai covidaren ondorioz hil direnak bai beste arrazoi batengatik zendu direnak" ere. Hildako hauen azken agurrak ere "hilabete askotan zehar, hileta errituak aldatu eta murriztu egin ziren eta kasu askotan bereziki covid19a gaixotasuna zuten gaixoetan ez da agur esateko aukerarik izan. Hutsunea besterik ez da egon, maite genituen pertsonei agur esatea, oztopoz betetako bidea izan da, hurbiltasunik gabekoa, senitartekoak ezin izan dira azken une horietan bidelagun izan, ezin izan dute gaixoarekin hurbil egon eta ezin ondorioz, azken agur normala egin. Horrek ondorengo dolua zailago egiten du. Izan ere maite dugun pertsona, inor laztandu gabe eta sufrimendu artean joan dela sentitzeak dolua zailtzen du eta erruduntasun sentsazioa indartu".
Testuinguru honetan, "min hori arintzen laguntzeko ardura sentitu izan dugu maiz, zor moduko bat. Horregatik, trantze mingarri hori pairatu behar izan duten herrikideei, gure babesa eta maitasuna eskaintzeko helburuz antolatu dugu ekitaldi hau, eta paratu dugu Bizkarreko parke zoragarri honetan, Jokin Eizagirre herriko sortzaileak egindako artelan hau". Bi esku. "Mundua ezagutzeko eta aldatzeko gizakiaren tresnak dira eskuak. Erabil ditzagun mundu hobeago bat eraikitzeko. Zizelka ditzagun irakaspenok gure oroimen kolektiboan, gure ondorengoek berriz halakorik bizi beharrik ez dezaten".
Giroturiko irekiera
Usurbilgo Udalak Bizkarren antolaturiko ekitaldia Orbeldi Dantza Taldeak girotu du, baita Yolanda Arrietak Zumarte Musika Eskolako bi klarinete jolerekin batera eskainitako errezitaldi musikatuak ere.