Kultur Azoka

Zaletu, sortzaile edota eragile ororena izango den Kulturgunea aurkeztu dute

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 5a, 16:02

Igande honetako azoka baliatu nahi izan dute, Usurbilgo kulturgunea aurkezteko. Ezustean, bat-batean azoka eten dute.

Musika, denetariko zarata hotsak... Izan da une bat gaurko Kultur Azokan non parte hartzen aritu diren kulturgileak, eurenera zeuden. Nor bere kontutik, bere jardunean. Dinamika haustera etorri dira berehala; "geldi! Hau konpondu beharra dugu". Azoka eten eta albiste honetan atxikiak dituzuen irudietan ageri den "performance" berezi baten bueltan aurkeztu dute une horretan, Usurbilgo kulturgunea. Sortzaile, zaletu, eragile, elkarte eta norbanakoak batu nahi dituen bilgunea.

Horretarako antolatu nahi zuten azoka. Udazkenaz geroztik Potxoenean abian duten barne prozesua kaleratzeko, plazaratzeko. Besteak beste, herriko kultur ekosistemaren parte diren hainbat kide biltzen joan dira hilabeteotan, elkar ezagutu, gabeziak edo hobetu beharrekoak azaleratu eta norabide berean lankitzen aritzeko eta norabide hori marrazteko.

Kulturgunea lau ardatzen bueltan eraikitzen hasiak dira, eta horixe irudikatu dute gaurko Kultur Azokan, Ugaitz Agirreren eta Jontxu Martinezen laguntzaz. Sormena sustatu, sortzaileentzat online bidezko nahiz fisikoak diren plazak eskuratu, egiten denaren komunikazioa bermatu eta transmisio lana bideratu. Hortxe kulturgunearen erronkak. Horretarako noski, gaurko Kultur Azokak irudikatu duen moduan, kultur ekosistemako kide den oro behar du kulturguneak; sortzaileak, zaletuak, komunikatzaileak, eragile edo elkarteak... Kulturzale oro alegia.

Gaurko azokan aurkeztu duten kulturgunearen lanketan segiko dute, igande honetan iragarri duten moduan, irailetik aurrera.