Inoiz ikusi gabeko azokak hartu du gaurkoan Usurbilgo plaza. Ez zen salerosketarako eremua, erakusleiho txikiez osaturiko bistaratze eremua baizik. Lehen aldiz, postuen atzean Usurbilgo sortzaile eta kulturgileak batu ditu. Gehientsuenetan, azken emaitza baino ez dugu ezagutzen eta gaurkoan azken emaitza horretaraino jorratzen duten bidea, egiten dutena, sorkuntza prozesua erakusten aritu dira igande honetako Kultur Azokan.
Hartuemanetan ikusi ditugu denak, bertaratu diren bisitariekin. Denak, postuen alde banatan elkartu diren sortzaile eta zaletuak, gaurkoan aurkeztu eta herri mailan eraikitzen ari diren kulturguneko kide. Jolas moduan proposatu du antolakuntzak; gometxen bidez norbera Usurbilgo ekosisteman non kokatzen den zehazteko eta jabetzeko aukera izan du. Informazio gune bat kokatu du antolakuntza Dema plaza erdian, kulturgunearen nondik norako nagusiak azalduz, baita kultur ekosistema nortzuk osatzen duten zehaztuz.
Halakoxea izan da gaurko azoka; kulturzale eta sortzaileen bilgunea. Parte hartu dutenen zerrenda luzea da. Herri bizia dela diotenean, gaurkoa horren adierazgarri. Kultur mugimendu bizi eta sorkuntza aberatsa plazaratu da. Denek ezin izan dute egon. Zeudenen artean, honako hauek ikusi ditugu:
-Maider Alzaga arropa diseinatzailea.
-Ione Iruretagoiena arropa diseinatzailea.
-Ibai Arrieta argazkilaria.
-Kabiene elkarlan gunea.
-Usurbil 1936, oroimen historikoa berreskuratzen ari den elkartea.
-Zumarte Musika Eskola.
-Buztinzulo.
-Txokoaldeko Txalaparta Txokoa.
-Adarren postua (Jurgi Fuentes).
-Odolaren Mintzoa musika taldea.
-Orbeldi Dantza Taldea.
-Ameba musika taldea.
-Aginagako Eliza Zaharra elkargunea.
-NOAUA! Kultur Elkartea.
-Susana Martin sortzailea.
-Usoa Zumeta sortzailea.
-Peru Galbete musikaria.
-Trikitilariak.
-Zorione Mendezen "Marrak" proiektua.
-Muxurbil antzerki eskola.