Ikastola Eguna

Elkartasun azoka astelehen goizean, Ikastola Eguneko ekimen asteari ekiteko

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 5a, 10:24

Inurri Elkarteko kideek, apirila amaieran Aginagako Eliza Zaharrean ospaturiko kantu eta bertso emanaldi solidarioan egin zuten aurkezpena.

Udarregi Ikastolako DBH3ko ikasleek azoka solidarioa antolatu dute astelehenerako, hilaren 6rako. Kiroldegi aurreko aparkalekuan egongo dira goizean zehar 9:30etatik 14:30etara bitarte. Eguraldi txarra egingo balu, frontoian izango dira. Jasotako laguntza Inurri Elkartera bideratuko dute.

Etika eta baloreak izeneko ikasgaian proposatutako proiektua da honakoa. Ikasturte hasieran ikasle guztien artean egiteko moduko proiektu bat egitera  bultzatu zituen irakasleak, eta azoka solidarioaren aldeko apustua egin zuten ikasleek. “Bozketa egin genuen ideiarik onena hautatzeko eta gehiengoz irabazi zuen azoka solidarioaren ideiak”, jakinarazi dute ikasleek. 

Inurri Elkartearen aldeko azoka solidarioa egitea ere aho batez erabaki zuten DBH3ko ikasleek. Elkarteko arduradunetako bat ikastolara hurbildu zitzaien euren proiektuaren nondik norakoak ezagutaraztera eta baiezkoa eman zieten. 

Usurbilgo saltoki askoren laguntza ere izan dute. Produktuak eman dizkiete herriko denda askotan azokan saldu ahal izateko. Horrez gain, ikasleek ere euren objektuak jarriko dituzte salgai, eurentzat balio berezia duten gauzak. Eskulanak egiten ere aritu dira artisau produktuak ere eskaini ahal izateko: koadernoak, ilerako koleteroak… Janaria ere jarriko dute azokan etxean egindako gozoekin eta momentuan egindako gofre eta antzekoekin. 

Inurri Elkartea
Inurri Elkarteko kideak ere postua jartzekoak dira ikasleekin batera produktu batzuk saltzeko, eta nahi duenarentzat, donazioak egiteko aukera ere izango da. 

Inurri Elkartea Lasarte-Orian sortutako proiektu baten ondorioa da. Minbizia jasaten ari diren pertsonei eta haien ingurukoei denetariko laguntza ematen die elkarteak. “Ikerketa lan handiak egiten ari dira minbiziaren gainean, baina oraindik gaixo pila bat daude eta egunero sufritzen dutenak milaka dira. Guk eskain dezakegun diruarekin ez dute gaixotasunaren sendagairik aurkituko, baina familia batzuei lagun diezaiekegu eta hori da garrantzitsuena”, esan dute DBH3ko ikasleek. 

Minbizia duten pertsonen artean, behar larriena dutenei laguntzen die Inurri Elkarteak. Alderdi ekonomikoan laguntza eskaintzeaz gain, borroka bera bizitzen ari diren pertsonak elkartu eta gaixotasunari ikusgarritasuna emateaz ere arduratzen da elkartea. Minbizia dutenak ez bakarrik sentitzea eta bidelagun izatea dira Inurri Elkartearen helburu nagusiak.