Bigarren eskuko gaiak saltzen ari dira, ekarpenak ere biltzen. Tonbola baterako txartelak ere erosteko aukera dugu, jolastekoa baita... Oiardo Kiroldegiko aparkalekua elkartasun eremua dugu astelehen goiz eta eguerdi parte honetan. Udarregi Ikastolako DBH3-ko ikasleek "etika eta baloreak" izeneko ikasgaian landu duten proiektuaren emaitza. Ikasturte hasieran ikasle guztien artean egiteko moduko proiektu bat egitera bultzatu zituen irakasleak, eta azoka solidarioaren aldeko apustua egin zuten ikasleek. “Bozketa egin genuen ideiarik onena hautatzeko eta gehiengoz irabazi zuen azoka solidarioaren ideiak”, jakinarazi dute ikasleek.
Inurri Elkartearen aldeko azoka solidarioa egitea ere aho batez erabaki zuten DBH3ko ikasleek. Elkarteko arduradunetako bat ikastolara hurbildu zitzaien euren proiektuaren nondik norakoak ezagutaraztera eta baiezkoa eman zieten.
Usurbilgo saltoki askoren laguntza ere izan dute. Produktuak eman dizkiete herriko denda askotan azokan saldu ahal izateko. Horrez gain, ikasleek ere euren objektuak jarriko dituzte salgai, eurentzat balio berezia duten gauzak. Eskulanak egiten ere aritu dira artisau produktuak ere eskaini ahal izateko: koadernoak, ilerako koleteroak… Janaria ere jarriko dute azokan etxean egindako gozoekin eta momentuan egindako gofre eta antzekoekin.
Inurri Elkartea
Inurri Elkarteko kideak ere postua jartzekoak dira ikasleekin batera produktu batzuk saltzeko, eta nahi duenarentzat, donazioak egiteko aukera ere izango da.
Inurri Elkartea Lasarte-Orian sortutako proiektu baten ondorioa da. Minbizia jasaten ari diren pertsonei eta haien ingurukoei denetariko laguntza ematen die elkarteak. “Ikerketa lan handiak egiten ari dira minbiziaren gainean, baina oraindik gaixo pila bat daude eta egunero sufritzen dutenak milaka dira. Guk eskain dezakegun diruarekin ez dute gaixotasunaren sendagairik aurkituko, baina familia batzuei lagun diezaiekegu eta hori da garrantzitsuena”, esan dute DBH3ko ikasleek.
Minbizia duten pertsonen artean, behar larriena dutenei laguntzen die Inurri Elkarteak. Alderdi ekonomikoan laguntza eskaintzeaz gain, borroka bera bizitzen ari diren pertsonak elkartu eta gaixotasunari ikusgarritasuna emateaz ere arduratzen da elkartea. Minbizia dutenak ez bakarrik sentitzea eta bidelagun izatea dira Inurri Elkartearen helburu nagusiak.