Harpidetza sarituko duen kultur agenda bateratu berria Buruntzaldeak

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 7a, 08:38
Argazkia: Buruntzaldeako udalak.

Hamar urtetik gora martxan egon den web orrialdeari bultzada berri bat eman asmo diote Buruntzaldeako udalek; kultur agenda bateratua plazaratzea. Kanal berri eta gehiagotatik. Sareotara harpidetzea saritu asmo dute gainera. Hori guztia eta gehiago aurrerantzean, euskara.buruntzaldea.eus atari berrituan.

Kultur eskaintza oparoaren erakusleiho berria izango du aurrerantzean Buruntzaldearen web orrialdeak; eskualdeko kultur agenda bateratua. "Euskarazko kultur eskaintza oparoa bateratu eta herritarren eskura jartzeko" beharretik abiatu den egitasmoa aurkeztu dute egunotan eskualdeko udaletako Euskara Sailek. Hamar urte baino gehiago dituen atarirari bultzada berri bat eman nahi diote modu horretan. Tarte honetan, "eduki ugarirekin hornitu dute: euskalduntzea, eremu sozioekonomikorako baliabideak, familia transmisioa, denbora-pasak....". 

Uztaila hasieran itxuraz berritu asmo dute, aipatu moduan eduki aldetik indartzearekin batera. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo kultur eskaintza aberatsa plazaratuko dute. "
Kultur agenda bateratua hilero-hilero elikatuko dute eta herritarren eskura jarri, martxan jarriko diren komunikazio kanalen bitartez".

Harpidetzea saritua
Hain zuzen, egun Twitter eta Facebook sare sozialetan orrialde propioa du "Buruntzaldea Euskaraz"-ek. Aurrerantzean ordea, komunikazio bide berriak zabalik izango dituzte; Telegram ("Buruntzaldeako kultur agenda") eta Instagram kanalak (@buruntzaldeaeuskaraz), hileroko buletin elektronikoarekin batera. "Kanal berri hauetan harpidetzea erraza izan dadin, herrietan kartelak jarriko dituzte QR bidez nahi duenak ahalik eta modu erosoenean eman dezan urratsa". Sare sozialak eta webgunea elkar elikatuko dituzte.

Adi, harpidetza saritu asmo dute eta zozketa eta lehiaketen bidez. "Hasteko, parte-hartzaile guztien artean 24 sarrera banatuko ditugu ekainaren 9an: batetik, ekainaren 12an Usurbilen izango den “Trapu zikinak” antzezlanerako sei gonbidapen bikoitz, eta, bestetik, ekainaren 17an Basteron izango den “Neomak” taldearen kontzerturako sei sarrera bikoitz”.

Hau guztia eta gehiago, aurrerantzean, euskara.buruntzaldea.eus atari berrituan.