Hizkuntz eskubideen alde

Belartzara joateko deia Aztarrikatik ostegunean

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 7a, 13:58

Euskaldunon hizkuntz eskubideen aldeko ekintza iragarri du Aztarrika Gazte Asanbladak sare sozialen bidez, ostegun honetan, ekainaren 9an Belartzako Decathlonen. Ekimenarekin bat egitera deitu dute.

“Belartzako Decathlonek auto-ordainketa kutxan, euskaraz ordainketa burutzeko aukera kendu du; beste behin ere euskaraz bizi nahi dugunon hizkuntza eskubideak urratuz”, berri eman du Aztarrika Gazte Asanbladak. Belartzako saltokian gertatzen ari denari erantzuteko, ostegun honetan, ekainaren 9an, arratsaldeko 17:30etan Decathlonera joateko deia egin dute. “Bete dezagun erreklamazio orriz haien bulegoa!”, luzatu dute gonbita sare sozialen bidez.

Euren esanetan, “erabaki hau ez da kasualitate hutsa, euskararen aurkako erasoa da”. Eta ez kasu isolatua, “inposizio desberdinen bitartez euskara marjinalizatzeko estrategian urratsak etengabeak izaten ari dira: euskara sektore ezberdinetatik erasotuz”. Gazte asanbladatik aldarrikatzen dutenez, “euskaldunok harrotasunez eta konplexurik gabe gure hizkuntza defendatu eta erabili behar dugu”. 


AZTARRIKA GAZTE ASANBLADAREN  OHARRA
"Belartzako Decathlonek, auto-ordainketa kutxan, euskaraz ordainketa burutzeko aukera kendu du; beste behin ere euskaraz bizi nahi dugunon hizkuntz eskubideak urratuz. 

Erabaki hau ez da kasualitate hutsa, euskararen aurkako erasoa da. Ez gaude kasu isolatu baten aurrean, inposizio desberdinen bitartez euskara marjinalizatzeko estrategian urratsak etengabeak izaten ari dira; euskara sektore ezberdinetatik erasotuz.

Euskal Herrian ezin bada euskaraz bizi, non biziko da euskara? Euskaldunok harrotasunez eta konplexurik gabe gure hizkuntza defendatu eta erabili behar dugu. 

Euskaraz biziko den Euskal Herri baten alde!

Geure arima hiltzen uzteko bezain odol galduak ez gara.