Ekaineko EROskopoa

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 8a, 08:40

Hilabete honetako EROskopoa hemen da! Barretartiak ipini ditu orakuluaren hitzak paperean eta Ainara Azpiazu Aduriz Axpi marrazkilariak osatu ditu horoskopoko irudiak.

ARIES
Azterketa garaia gogorra da, baina azken ahalegina egin behar duzu. Hileko aholkua: Mugikorra alde batera utzi eta hasi zaitez ikasten behingoz, kontxo!

TAURUS
Dagoeneko hondartza denboraldia hasi da eta kezkatuta zaude bikini operazioagatik. Hileko aholkua: Ez kezkatu, hondartzara joateko behar duzun bakarra zure gorputza da, den bezalakoa!

GEMINI
Dagoeneko zure urtebetetze egunak ez dizu hainbesteko ilusiorik pizten. Hileko aholkua: Gozatu; inoiz ez zara gaur baino gazteago izango!

CANCER
Iritsi da hainbeste itxaroten ari zinen aukera. Zure bizitza ez da berdina izango hemendik aurrera. Hileko aholkua: Azkenean festetan buruhaundi bezala aterako zara!

LEO
Aurten bai; aurten festa guztiak behar diren bezala ospatzeko moduan izango zara. Hileko aholkua: Noizean behin etxetik pasatzea ere ez zaizu gaizki etorriko...

VIRGO
Maitasuna ate joka izango duzu hilabete honetan eta ezin duzu aukerari ihes egiterik utzi. Hileko aholkua: Ea behingoagatik indirektak harrapatzen dituzun!

LIBRA
Beste ikasturte bat bukatuko da eta beste urte batez haurren zaintza buruko-min bilakatuko zaizu. Hileko aholkua: Pentsatu al duzu inoiz lanera zurekin eramatea?

SCORPIUS
Izarrak, planetak eta ilargia lerrokatuta izango dituzu aste hauetan. Hileko aholkua: Ez dakit zer esan nahi duen horrek, baina eguzkitako krema eman beti, badaezpada ere. 

SAGITARIUS
Zure bizitzari zentzua emango dion erronka aurkituko duzu datozen egunetan. Hileko aholkua: Pentsatu al duzu inoiz Uxue trailen ateratzea?

CAPRICORNIUS
Oporrekin amesten ari zara, baina ez dakizu nora joan, hondartzara edo mendira. Hileko aholkua: Eta zergatik ez zoaz bietara? 

AQUARIUS
Erleak bezala, lorez lore ibiliko zara hilabete honetan maitasun kontuetan. Hileko aholkua: Baina kontuz, badakizu bat baino gehiago polenari alergia diotela eta!

PISCIS
Bada garaia maitasun keinu handi bat egin dezazun. Hileko aholkua: Emaiozu behingoz ogi koxkorra; horrela ziur jakingo du maite duzula!