NOAUA! Zerk eraman zaitu Valparaisora?
Itxaso Santxez: Ikasketak atzerrian amaitzea erabaki nuen. Zergatik Txilen, zehazki? Bada, ez dakit. Bertakoek ere askotan galdetu izan didate hori, baina ez dakit erantzuten. Argi neukan sei hilabete pasatzeko ez nuela Europan geratu nahi, eta kultura askoz ezberdinagoa zuen lekuren batera joan nahi nuen. Gurasoek ere beti bultzatu naute Hegoamerikara joatera. Herrialde asko daude Hegoamerikan, eta Txile ez dakit zergatik aukeratu nuen, baina agian, euskaldun asko etortzen diren lekua izanik, askotan entzun izan dudalako. Paisaia oso anitza da hemen eta jendea ere erakargarria egiten zait euren izaeragatik.
ITXASO SANTXEZ
“Paisaia oso anitza da hemen eta jendea ere erakargarria egiten zait euren izaeragatik”
Zein ikasketa ari zara egiten?
Energia berriztagarrien ingenieritza etxean. Hemen, ordea, horrelako gradurik ez dago eta itsas-ingenieritza zibila eta ingurune-ingeniaritza zibila ari naiz egiten. Hemengo hezkuntza sistema nahiko kaotikoa da, orokorrean. Martxoaren 7an hastekoak ginen eta ia hilaren bukaerara arte ez genuen klaserik izan. Hasiera batean, inpresioa egin zidan ematen ari ginenak, ezagutzen ez nituen hainbat termino erabiltzen baitzituzten eurek oso ondo ezagutzen zituztenak. Joan zen urteko eta aurreko apunte batzuk eskatu dizkiet pixka bat eguneratu ahal izateko neure jakintzak. Oraindik ez dugu amaitu, baina jendeak esaten duenagatik, ez omen da oso zaila gainditzea.
Pisu batean bizi zara edo ikasle-egoitza batean?
Pisu batean bizi naiz ni. Oso ohikoa da etxe oso batean bizitzea denak ikasleak direla. 15 bizi gara etxean; 14 ikasle eta etxearen jabea. Frantsesak, alemanak eta gu bizi gara bertan.
“Egunerokoan euskaldunekin ibiltzen naiz”
NOAUA! Egunerokotasunean, euskaldun edo espainiarrekin ibiltzen zara edo nazioarteko jendearekin gehiago?
Itxaso Santxez: Euskaldunekin batez ere. Txilera etorri baino lehenago, harremana egin nuen euskaldun batzuekin eta hortik aurrera planak egiteko elkartzen gara. Bidaiatzerako garaian, gutxi izatea egokiago iruditu zitzaigun horrek ekar ditzakeen erraztasunez aprobetxatzeko, dela autostop egiteko edo lo egiteko lekua bilatzeko. Bidaia horietan txiletarrak ere ezagutu ditugu eta haiekin ere planak egiten ditugu. Oso jende irekia da eta asteburu pasa batzuk egin ditugu eurekin. Txileko hegoaldera bidaian joan ginenean, txiletarrak ezagutu genituen eta maputxeak ezagutu nahi genituela esan genien. Batzuek etxera gonbidatu gintuzten familiarteko maputxeak zituztelako. Horiekin ere harremana mantendu dugu. Hala ere, egunerokoan euskaldunekin ibiltzen naiz. Erdaldunak ere badaude, baina haiek beste zonalde batera joan dira gehiago.
Etxean badituzue atzerritarrak ere. Horiekin ingelesez moldatzen zarete?
Ez, gazteleraz. Haiei asko kostatzen zaie gazteleraz hitz egiten eta kulturalki ere ezberdinak gara. Zerbait esan eta interpretatzeko oso modu ezberdina dute eta tonuarekin ere nahastu egiten dira. Ondorioz, euskaldunengana gehiago jotzen dut, erosoago zaidalako eguneroko komunikazio hori.
Gazteleraz ere ondo moldatzen naiz, eta hizkuntza niretzat ez da arazo izaten ari.
“Nahikoa europarra da hemengo kultura eta aldaketa handiegirik ez dut nabaritu”
NOAUA! Nola definituko zenituzke txiletarrak?
Itxaso Santxez: Kalean norbaiti zerbait galdetu eta berehala hasten zaizkigu hizketan. Lekuren batera joan nahi dugunean, beti eskaintzen digute laguntza eta kontuz ibiltzeko esan. Bidaian ezagutu ditugunek etxera gonbidatzen gaituzte. Oso irekiak dira, baina Txile oso europarra da, Hegoamerikako europarrena. Serioagoak dira gainontzekoak baino, baina badute esentzia latino hori. Ekuador edo beste herrialde batera joanez gero, esentzia horrek indar gehiago du, baina hauek ez dute erabat galdu. Hala ere, gure harremantzeko moduarekin eta izaerarekin ez daukate zerikusirik. Oso irekiak dira.
ITXASO SANTXEZ
“Gure harremantzeko moduarekin alderatuta, txiletarrak oso irekiak dira”
Haien bizimodua nolakoa da?
Gurearen oso antzekoa dela esango nuke. Nahikoa europearra da hemengo kultura eta aldaketa handiegirik ez dut nabaritu. Hala ere, sentitu dut ikasketak ez direla lehentasuna inorentzat. Sentsazio huts bat izan da, neure esperientzian oinarritzen dena, agian, beste norbaitek bestelako zerbait esango luke. Kontua da, jende askok unibertsitate ikasketak egingo baditu, lana egin beharra daukate nahikoa diru lortzeko. Langabezia tasa ere oso esanguratsua da eta kalean denbora gehiago ematen dute ahal dutenetik dirua ateratzeko. Gure langabezia eta hemengoa oso antzekoak dira, eta aurre egiteko moduak ere bai. Horrez gain, emakume askok oso gazte izaten dute lehen haurdunaldia, eskola garaian kasu askotan. Aldaketa horiek kontuan izan behar dira, baina gainontzekoan nahiko antzekoa da.
Etxetik ere zerbait falta botako duzu.
Etxekoen babesa eta goxotasuna botatzen ditut faltan, batez ere. Egoera berri askoren aurrean aurkitu naiz azken aldian, dokumentu asko bete beharra, esaterako. Kasu horietan, askotan ez dakit norengana jo eta etxean, berriz, gurasoek beti laguntzen didate horrelako kontuekin. Orain, horrelako gauzen aurrean pixka bat galduta sentitzen naiz, baina bakarrik egiten ikasten ari naiz eta horrek aurrerago ere balioko dit. Ez dit eragin etxera iritsi eta lan asko eginda egoteak dela janaria, dela garbiketa. Erosotasun horrek ez dit eragin, baina bai goxotasun faltak.
“Maite ditudanengana itzultzeko beharra dut”
NOAUA! Zer asmo duzu datorren urterako?
Itxaso Santxez: Datorren urtea oraindik kolokan daukat. Master bat egin nahi izanez gero, erabakia berehala hartu beharko nuke eta hemen ez daukat burua horretan jartzeko prest. Beste gauza batzuetan pentsatzen ari naiz, oraingo esperientzia bizitzean, eta hortik aurrerakoak oraindik oso airean dauzkat. Lanean hastea pentsatu dut horrekin dirua irabazi eta master bat egiteko. Bien bitartean, hizkuntzak ere ikasiko nituzke neure kurrikuluma indartzeko. Bestela ikasten jarraitzeko asmoa daukat edo hori egin nahiko nuke, behintzat.
Txilen geratzeko asmoa duzu edo etxera itzuliko zara?
Usurbilera itzuliko naizela uste dut. Ez balitz etxean ditudan senitarteko eta lagunengatik, hemen geratuko nintzateke denbora gehiagoan. Hemen bakoitzak berea egiten du eta ez daukate inolako aurreiritzirik. Asko gustatzen zait hori, eta ematen duzuenez, jendea oso pozik bizi da. Etxean ikasketak eta lanak jendea oso estresatuta dauka eta alaitasun hori galdu egin da nolabait. Txileko gizartea oso ezberdina da, eta alde horretatik hemen geratuko nintzateke. Ingenieritzarekin jarraitzeko, proiekturen bat egingo nuke gustura hemen, lan asko baitago hemen. Hala ere, ni herriko pertsona naiz eta hiriak handiegi egiten zaizkit. Sekula baliorik eman ez diodan kaleko segurtasuna oso garrantzitsua dela konturatu naiz. Tentsio puntu batekin ibiltzen naiz hemen kalean, izan egunez, izan gauez, eta hori nekagarria da. 2019ko gizarte tentsioen ondorioz, kalean hilketak eta bahiketak areagotu egin dira, eta estatua zikindu dute. Maite ditudanengana itzultzeko beharra dut, gainontzekoan, babes hori izango ez banu, bertan geratuko nintzateke.