Tokitan

Praisku Aranburu: “Bizi-kalitatea oso altua da Amerikako Estatu Batuetan”

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 29a, 08:41

Hilabete gutxi batzuk baino ez daramatza Praisku Aranburu herritarrak Chicagon, baina bertara iritsi aurretik Houston eta Shanghain ere egin zituen urte batzuk. Urteak daramatza etxetik kanpo. NOAUA!rekin partekatu nahi izan ditu hainbat bizipen.

NOAUA! Zerk eraman zintuen Chicagora eta noiz?

Praisku Aranburu: Chicagon nago urtarriletik, baina Estatu Batuetan jada bi urte daramatzat. 2020 hasieran Houstonera iritsi nintzen, Texasera. Bi urte bertan eman nituen eta ondoren, bulegoa Houstonetik Chicagora ekarri genuen eta ni ere harekin etorri nintzen. Lanak ekarri ninduen hona. Danobat Elgoibarko enpresarentzat lan egiten dut makina-erraminten sektorean. Lehenago Shanghaien izan nintzen bost urtez lanean enpresa berarentzat. Itzultzekoa nintzela Estatu Batuetara etortzeko abentura proposatu zidaten pandemia hasieran eta Houstonera etorri nintzen. Jada 8 urte daramatzat kanpoan.

 

Enpresa ereduak askotarikoak dira. Elgoibarko enpresa batentzat lan eginda, hemengo metodoak jarraitzen dituzue edo hango enpresa ulerkerara moldatu duzue zeuen lan egiteko modua?

Etxeko bera jarraitzen saiatzen gara, baina amerikarrekin lan egiten dugu. Taldean 20 bat amerikar ditugu eta haiekin lan egiteko modua antzekoa da. Lana lasaiago hartzen dutela esango nuke nik, ez dira gehiegi estresatzen. Gauza gutxirekin estresatzen dira hemen. Kultura oso ezberdina da, eta nolabait moldatu egin behar da horretara ere.

 

PRAISKU ARANBURU

“Danobat Elgoibarko enpresarentzat lan egiten dut makina-erraminten sektorean”

 

Azken urte hauetan leku askotan egon zara eta horrek bidaiatzeko aukera ere emango zizun.

Urte asko dira eta ni oso bidaiaria naiz. Asia ondo ezagutzeko aukera izan nuen. Gustokoenak esan beharko banitu Filipinak eta Myanmar esango nituzke. Jende gutxik du Myanmar bisitatzeko aukera eta oso leku berezia da.

 

Estatu Batuek maitale asko dituzte, baina baita gorroto dituztenak ere. Kulturarik ez izatea egozten zaie sarri.

Kultura maila nahiko baxua dute orokorrean. Estatu Batuez kanpo ez daukate mundu zabalari buruzko ideiarik ere. Nongoa naizen galdetzen didatenean ez dut behin ere Euskal Herria esaten ez dutelako ezagutzen. Hala ere, Espainia ere ez dute ezagutzen. Espainia esan eta Mexikoren alboan dagoen galdetu izan didate. Oso herrialde aurreratu ere bada, hori aitortu behar zaie. Bizi-kalitatea oso altua da. Hiri handiak daude jendez lepo eta etxe-orratzez josita eta denak autoz ibiltzen dira edonora joateko. Oso erraztutako bizitza daramate, dena eginda ematen diete. Oso eroso bizi dira orokorrean, eta horrek abantailak eta desabantailak ditu.

 

“Hemen ondo eta osasuntsu jatea oso garestia da”

Jateko ohiturei dagokienez, janari azkarra baino ez omen da jaten.

Hemen ondo eta osasuntsu jatea, kalitatezko elikagaiak kontsumituz, oso garestia da. Jende asko dago jaki mota hauek erosterik ez duena eta beraz, fast food edo janari azkarra jaten duena. Fast food hori oso merkea da, 3-4 dolarren truk hanburgesa bat jateko nahikoa da. Supermerkatu batean, diru horren truk ezinezkoa da fruta edo barazkiak erostea. Euren bizimodua horrelakoxea da. Ni zaintzen saiatzen naiz, bai baitakit behin txerrikeriak jaten hasita oso erraza dela gizentzea. Erosketak egin eta etxean jaten dut gehienetan, baina asteburuetan kanpoan izaten naiz jaten.

 

Harroputz eta diruzaleak ere ba omen dira.

Bai, eta are gehiago, faltsuak ere badira edo oso azalekoak bai behintzat. Faltsuarekin esan nahi dut aurpegi ona jartzen dutela beti eta tratua ahalik eta onena izango da, baina barnean ez daukate gogorik gurekin egoteko. Jatorregia ere ez zara izango haientzat, baina zure aurrean gizarte osoa beti atsegin izango da gainontzekoekin. Beraz, faltsukeria puntu hori badute. Oso zaila da jakiten noiz ari diren benetan zurekin gogoa daukatelako harremantzen. Itxurakerietan oinarritzen da beren gizartea.

 

“Chicago oso hiri hotza da. Negua oso-oso gogorra da hemen, haizetsua”

NOAUA! Atzerriko abentura hauek hasi aurretik nolakoa zen zure ingeles maila eta nolakoa da gaur egun?

Praisku Aranburu: Ingelesari txikitatik eman nion garrantzi handia eta hizkuntzarekin ez daukat inolakoa arazorik ulertzeko eta hitz egiteko. Ohituta nago jada. Behin ingelesa hitz egiten hasita kosta egiten zait beste hizkuntzetan ondo espresatzen. Momentu batean gaztelerara jo behar badut, spanglish deituriko hori egiten dut; gaztelera ingelesarekin nahasten dut nahi gabe. Euskararekin momentuz ez zait horrelakorik gertatu eta eskerrak.

PRAISKU ARANBURU

“Amerikako Estatu Batuetan Covid neurriak ez dira horren gogorrak izan”

Zer moduzko hiria da Chicago?

Chicago oso hiri polita da. Estatu Batuetako hiririk politenetarikoa dela esango nuke New Yorkekin batera. Hala ere, hiria txikiagoa da eta jendea jatorragoa New Yorken baino. Lakua baukagu hemendik oso gertu, eta nahiz eta itsasorik ez izan, lakuak betetzen ditu haren funtzioak hondartza gosea dutenentzat. Chicagori pega bakarra jarriko nioke, oso hiri hotza dela. Negua oso-oso gogorra da hemen, haizetsua. -15 gradutan eman genituen egun batzuk neguan, eta hilabeteak -5 gradutik igo gabe. Elurra eta haizea nagusi izaten dira, eta -30 gradu egiteko sentsazioa ere izaten da. Uda, berriz, ona da. Eguraldi ona egiten du eta epela. Hiria goitik behera aldatzen da negurik udara. Jendea zain egoten da uda noiz iritsiko festibalak egiteko. Oso hiri dinamikoa da. Klima da ezberdintasunik handiena.

 

Pandemia garaian tokatu zaizu hiriz aldatzea.

Pandemiak Houstonen harrapatu ninduen, Texasen. Bi urte horiek Estatu Batuetan pasa beharrak uste dut alde onak eta txarrak izan dituela. Ordu eta egun asko pasatu behar izan ditut bakarrik konfinamenduaren ondorioz. Lagunak eta familia urrun izatea horrelako momentuetan oso gogorra da. Hala ere, Covid neurriak Estatu Batuetan ez dira horren gogorrak izan Europarekin alderatuta. Kontua da askatasun indibidualen aurka ezin dituztela legeak egin, eta beraz, neurriak gomendio baino ez dira izan. Konfinatuta egon ginen denbora dezente, hori bai.

Texas errepublikarra izanda, neurriak jartzea ez da erraza eta askatasun handiagoa geneukan hemen Chicagon baino.

 

“Txuleta eta sagardoa hartuta munduko pertsonarik zoriontsuena naiz”

NOAUA! Denbora asko daramazu kanpoan, baina etxetik zerbait faltan botako duzu, ezta?

Praisku Aranburu: Bai, familia eta lagunak, batez ere, eta nolaez sagardotegiak ere bai. Txuleta eta sagardoa hartuta munduko pertsonarik zoriontsuena naiz. Hemen badago haragia, baina ez dakite behar bezala prestatzen. Bi urte eman ditut etxera joan gabe pandemiaren ondorioz, eta laneko bisatua daukadanez, ez ziguten Estatu Batuetan sartzen uzten kanpora joanez gero. Gabon hauetan itzuli naiz lehen aldiz bi urtean eta aurten ere bisita gehiago egiteko asmoa daukat.

 

Esperientzia honek ere amaiera data izango du. Hurrena atzerrian beste aukera bat ematen badizute kanpoan jarraituko duzu edo etxera itzuliko zara?

8 urte kanpoan eman ostean, etxera itzultzeko asmoa eta gogoa baditut. Esperientzia oso aberasgarria da kanpoan bizitzea, baina etxean bezala leku gutxitan bizi gaitezke. Nire asmoa itzultzea da berandu baino lehen.