2. Uxue Trail

200 lagunek baino gehiagok izena eman dute jada 2. Uxue Trail lasterketarako

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 8a, 11:46

Lau lasterketa izango ditu aukeran eta dortsal solidarioa eskuratu ahalko da baita. Ekainaren 18an ospatuko den 2. Uxue Trail lasterketan 500 lagunentzako lekua egongo da.

Gogoan izan, Bi alderdi uztartzen baititu hitzorduak; batetik, Uxue Martin Usurbilgo gaztetxoak duen gaixotasun arraroa ezagutarazi nahi dute, sentsibilizazio lana egin. Eta bestetik, "sindromearen ikerketarako ere ahalik eta laguntza gehiena eman nahiko genuke", antolatzaileen esanetan. Uxuek "Phelan-McDermid" izeneko sindromea du, bestela esanda, "22q13 kromosomaren gabetzea". Gaixotasun arraro honi buruzko informazio gehiago, 22q13.org.es atarian jaso daiteke.

Momentuz, 200 lagun baino gehiagok izena emana dute ekainaren 18an ospatuko den 2. Uxue Trail lasterketarako. Uxueren aita Goyo Martinek Aldizkaria honi eskainitako elkarrizketan aurreratu duenez, 2019an ospatu zen lehen edizioan aurreikuspenak gainditu ostean, datorrenerako 300etik 500era igotzea erabaki zuten partaideentzako lekua. "Lehenengo Uxue Trail hartan jarrita geneuzkan asmoak betetzen badira oso eskertuta egongo gara. Urte hartan espero baino askoz jende gehiagok eman zuen izena, eta aurten, izen-ematea 300 pertsonarentzat ireki beharrean 500entzat ireki dugu". Argitu duenez, estreinako edizio hartan, "izen-ematean kanpoan geratu zen jendea ez zen kanpoan geratu guk hala nahi izan genuelako, baizik eta lasterketak seguru batzuk zituelako eta horiekin bete behar genuelako. Aurtengo 500 plazara horiek beteko balira izugarria izango litzateke".

Ekainaren 2ra arte momentuz, 200 lagun baino gehiagok izena emana zuten, "aurrekoan baino askoz ere jende gehiago kontuan izanda lasterketa eguna oraindik nahiko urrun dagoela. Azken bi asteetan eman zuen jende gehienak izena urte hartan eta aurten ere hala izango dela uste dugu. Gure helburu nagusia gaixotasunari ikusgarritasuna ematea da, beraz, jende askok parte hartzea gustatuko litzaiguke".

2. Uxue Trail lasterketa
Ordua: 09:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Zehaztasunak: Andatza zeharkatuko duen mendi lasterketa solidarioa, Uxue Martin Usurbilgo gaztetxoak duen gaixotasun arraroa ezagutarazi eta "Phelan-McDermid" izeneko sindromearen ikerketa diruz laguntzeko. Lau aukera ezberdin: 20 kilometroko Uxue Trail Luzea, 11,5 kilometroko Uxue Trail Motza, 7,5 kilometroko Ipar Martxa eta 5,5 kilometroko Uxue Paseoa izenekoa. Lasterketa amaierarako, opariak zozketatuko dituztela iragarri du antolakuntzak. Ekimenean zuzenean parte hartu gabe ere, dortsal solidarioa erosi ahalko da.
Izen ematea: kronoak.com