NOAUA! Zertara joan zara Florentziara?
Malen Lanz: Lanbide Heziketako goi-mailako modulu bat egiten ari naiz eta bigarren urtean, azken hiruhilabetekoan praktikak egin behar izaten dira. Aukera ematen dute 'duala' deitzen zaiona egiteko; lehen maila erdialdetik aurrera enpresan lan egin eta aldi berean, ikasketak egiten jarraitzea. Gainontzekoentzat, bigarren urteko azken hiruhileko horretara mugatzen dira praktikak eta atzerrian egiteko aukera ere eskaintzen dute. Azken aukera horri heldu nion nik, bizi esperientzia berri bat bizitzeko aukera izateko praktikak egin bitartean. Administrazioari lotutako ikasketak amaitzen ari naiz eta Italian lan horiek egiten ari naiz.
Nolakoa da Florentziako enpresa? Zer egiten dute bertan?
Justizia Auzitegian nabil lanean. Epaiketak egiten dituzte eta bertan sortzen diren dokumentuekin lan egiten dut. Txukunketa eta artxibaketa lana egiten dut, batez ere. Kopiak atera, zigiluak jarri eta karpetak osatzen aritzen naiz egunerokoan.
Malen Lanz:
"Geroz eta hobeto ulertzen dugu italiera eta beraz, geroz eta errazagoa da elkar ulertu ahal izatea"
Florentzian italieraz mintzo dira. Ingelesez edo gazteleraz aritzen zara bertan? Edo italieraz hitz egiten duzu?
Hasiera batean esan ziguten ingelesez moldatu beharko genuela, baina iritsi bezain laster konturatu ginen inork ez duela ingelesez egiten. Dakitenek ere oso gutxi dakite eta komunikazioa nahiko zaila da hizkuntza horretan. Lehen egunak nahiko gogorrak izan ziren arazo horiengatik, baina orain ingelesa eta gazteleraren arteko hibrido bat eginez moldatzen gara. Geroz eta hobeto ulertzen dugu italiera eta beraz, geroz eta errazagoa da elkar ulertu ahal izatea. Esaldi batzuk egiteko gai naiz italieraz, eta ahal dugun bezala moldatzen gara.
Gazteleraren gertuko hizkuntza da italiera. Erraz ulertzeko modukoa da?
Uste baino ezberdinagoak dira bi hizkuntzak. Berez ez dira horren ezberdinak, baina oso azkar eta ahoskera bereziarekin hitz egiten dute. Oso azkar hitz egitean frantsesaren tankera hartzen genion gaztelerarena baino gehiago. Gaztelera eta frantsesaren arteko nahasketa moduko bat nolabait. Elkarrizketen nondik norakoak jarraitzeko ez da horren zaila behin pixka bat ohitu ostean.
"Jaki hobeak dira hemen"
Hizkuntzaz gain, italiarren izaera eta gurea oso antzekoak direla esaten dute.
Denetariko italiarrak ezagutu ditugu. Oro har, oso harro daude italiarrak izateaz eta atzerritarrak ez dituzte oso ondo hartzen. Mespretxuzko begiradak jaso ditugu, zehar begiratuak eta goitik beherakoak ere bai. Harroputz puntu hori badute batzuek. Jakina, italiar guztiak ez dira berdinak eta oso jende jatorra ere badago. Ordutegi oso ezberdinak dituzte. Guri lo ugari egin eta poteoa luzatzea gustatzen zaigu. Berandu egiten dugu egunerokoa, eta italiarrek berriz, dena goiz egiten dute. Frantsesen gisakoak dira zentzu horretan. Kalera ateraz gero, arratsaldeko seietarako terrazetan jendea afaltzen egoten da.
Italia oso ezaguna da gastronomiaren arloan pasta, pizza eta antzeko jakiak direla medio. Oso ezberdinak dira hemen jaten ditugun produktu horiek bertan jaten dituztenekin alderatuta?
Gu ez gara gehiegi joan jatetxeetara, baina joan garenetan nabaritu dugu jaki hobeak direla edo puntu naturalago edo berezkoago bat badutela. Gai honi buruz hizketan aritu ginen pisukideak aurrekoan, eta denok nabaritu duguna da saltsak egitean edota pizzaren oinarrian jartzen den tomatea naturalagoa dela. Ura eta tomatea baino ez duela sumatzen da, eta asko jota gatza eta olioa. Zaporearekin gehiago jokatzen dute guk baino, beti zapore naturalak hautatuz. Guk supermerkatuan erosten ditugun pizzek adibidez denetariko gehigarriak izaten dituzte, eta hori zaporean antzeman egiten da.
"Zubietako eskolatik etorritako bostak elkarrekin bizi gara"
Atzerrira joan eta asko euskaldun zein espainiarrekin elkartzen dira. Zure kasuan ere hala izan da edo mundu zabaleko jendearekin igarotzen duzu denbora?
Bost ezagun etorri ginen etxetik hona. Lagun batek Donostiako zentro batean ikasten du, eta haren lagun batzuk ere hona zetozenez, kuadrila ederra elkartu gara. Gure esperientzia eta unibertsitatean eramus egiten dutenena ez da gauza bera. Gu goizean lanera joaten gara eta arratsaldean itzuli. Gazteak ezagutzeko ez daukagu horrenbeste aukera unibertsitatekoekin alderatuz. Gu ez gara klasera joaten, eta beraz, gure adineko jendea ez ezagutzeaz gain, bertako lankide batzuk baino ez ditugu ezagutzen. Oso inguru mugatua daukagu. Donostian ikasi duten horiekin elkartzeko aukera izan dugu ia kasualitatez, eta hortik kanpo inor gutxirekin harremantzeko aukera izan dugu.
Bost lagunak pisu batean bizi zarete, beraz.
Bai, Zubietako eskolatik etorritako bostak elkarrekin bizi gara. Pisu bat hartu genuen, hemen, Florentzian.
Pandemia garaian tokatu zaizu esperientzia hau bizitzea. Nola dago egoera bertan?
Guk ez ditugu neurriak gehiegi antzeman. Musukoa erabili behar da leku itxietan eta derrigorrezkoa da FP2 musukoak erabiltzea garraio publikoan. Gainontzeko musukoak ez dituzte onartzen ez direlako horren seguruak, edo hori diote behintzat. Horrez gain, Covid ziurtagiria erakutsi behar da edonora sartu ahal izateko. Euskal Herrian dauden neurrien antzekoak dira, baina zertxobait gogorragoak.
"Etxera itzuli eta ikasten jarraituko dut ziurrenik"
Zer botatzen duzu faltan etxetik?
Gehienbat lagunak, baina oso ondo ari naiz pasatzen hemen eta ez dut izugarrizko beharrik sentitzen. Hemengo eguraldia ere nahiko antzekoa da, agian etxean baino hobexeagoa. Joan zen astean bero egin zuen egun gehienetan, eta Usurbilen, berriz, amak esan didanez euria egiten du etengabe.
Zeintzuk dira datorren urterako zeure asmoak?
Printzipioz, ez daukat oraindik inolako erabakirik hartuta, baina etxera itzuliko naiz. Italian lana eskainiz gero, agian geratuko nintzateke, baina ez naiz ezer bilatzen jarri eta enpresan ere ez didate ezer esan. Etxera itzuli eta ikasten jarraituko dut ziurrenik.