Tokitan

“Euskal Herriko ostalaritza eta San Cristobal de la Lagunakoa ezberdinak dira”

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 13a, 08:15

Oskar Uribek duela zortzi urte utzi zuen Usurbil Tenerifeko San Cristobal de la Lagunara bizitzera joateko. Kanpoan urteak badaramatza ere, bihotzean eta gogoan darama hazten ikusi zuen herria. NOAUA!rekin izan da Kanarietako bizimoduari buruzko bizipenak partekatzeko.

NOAUA! Zerk eraman zintuen Tenerifera?

Oskar Uribe: Urte gogorrak ari nintzen pasatzen Usurbilen eta bertatik alde egiteko beharra sentitzen nuen. Arazo pertsonal asko izan nituen tabernarekin eta familiarekin ere, denetariko arazoak. Dena ondo zihoan itxura eman nahi nuen, baina neure aldartean ere eragina zuten arazoek. Urte batzuk horrela eman ostean, alde egiteko beharra neukan eta deskonektatu egin nahi nuen. Bi aukera nituen Bartzelonara joatea edo Tenerifera joatea. Lagunak neuzkan bi lekuetan eta lehendabizi Donostiako kuadrilako lagunarekin hitz egitea erabaki nuen. Tenerifen bizi ziren haiek. Ikasketak hemen egin zituzten eta behin amaituta, bertan gelditzea erabaki zuten. Haiekin hitz egin nuen eta hilabete batzuetan deskonektatzeko beharra neukala azaldu nien. Ideia ona iruditu zitzaien eta etortzera animatu ninduten. Hilabetetxo batzuk haien etxean egin nituen. Penaz ere etorri nintzen, familia, lagunak eta herria atzean utzi beharragatik. Nire osasunerako ezinbesteko pausoa zen aldaketa hori.

 

OSKAR URIBE

“Nire osasunerako ezinbesteko pausoa izan zen hona etortzea”

 

Hilabete gutxirako joan zinen hasieran, baina urteak daramatzazu bertan.

Hiru hilabete egin ostean, etxera itzuli edo bertan geratu erabaki behar nuen. Behin geratzeko erabakia hartuta, lana bilatu beharra neukan eta bizimodu bat eraikitzea ere ezinbestekoa nuen. Lasaitzen hasi nintzen pixkanaka eta bizimodu berrira ohitzen. Asko kostata izan bazen ere, denbora luzez hemen geratzea erabaki nuen. Jendeari segituan itzuliko nintzela esaten nion, baina berez banekien urte asko egingo nituela hemen.

 

Ostalaritzan jarraitzen duzu Tenerifen ere?

Bai, ostalaritzan jarraitzen dut catering batean lanean. Euskal Herriko ostalaritza eta hemengoa ezberdinak dira. Ohiturak ere ezberdinak dira. Euskal Herrian poteoa sakratua da eta hemen berriz jendeari terrazan egotea gustatzen zaio, turista zein bertako izan. San Cristobal de la Lagunan egiten dut lan eta hemen turismoak ez du halako indarrik. Familiak eta herritarrak dira gure bezeroak nagusiki. Turistak ere etortzen dira goiz aldean bisitan, baina normalean gero hegoaldera jotzen dute. Hegoaldeko egoera oso ezberdina da turismoari dagokionean.

 

“Oso festazaleak dira hemen. Horretarako beti prest daude”

NOAUA! Kanariar Uharteetan gu baino irekiagoak eta hizlariagoak dira, edo hori da estereotipoa behintzat.

Oskar Uribe: Bai, irekiagoak dira eta beti laguntzeko prest daude. Oso festazaleak ere badira, horretarako beti prest daude. Horrez gain, nahiko “aplatanatuak” direla ere esaten da, baina denetarik dago. Batzuk oso lasai bizi dira, inolako presarik gabe.

 

Ahoskera berezia ere badute bertakoek. Zure gazteleran ere eragina izan du edo ondotxo dakite hitz egiteko moduagatik euskalduna zarela?

Bertakoek esaten didate oraindik ahoskera ez dudala hartu behar bezala. Etxekoekin hitz egitean edo Euskal Herrira itzultzean, berriz, kanarietako ahoskera dudala esaten didate. Tenerifen ezagutzen ditudan euskaldunekin askotan euskaraz hitz egiten dut, baina gazteleraz ere bai zenbaitetan. Gure artean ere atzematen dugu zerbait ari garela hartzen, hizkera ezberdina erabiltzen dugu gozoagoa. Beraz, zerbait aldatu zait ahoskera, baina ez dut bertakoek bezala hitz egiten ere.

 

“Itzuli egingo naiz Usurbilera, baina oraindik ez dakit noiz izango den”

NOAUA! Etorkizun hurbilean bertan geratuko zara bizitzen edo epe ertainean itzultzeko asmoa duzu?

Oskar Uribe: Itzuli egingo naiz, baina ez dakit noiz oraindik. Bi min nagusi ditut gorputzean. Batetik, Usurbildik alde egin beharra arazoen ondorioz. Bizitza hori atzean utzi beharrak pena handia ematen dit; lagunak, familia eta herria utzi behar izanak. Bestalde, hemen nintzela utzi gintuen anaiak, Jonek, eta orduan ezin izan nuen bertan egon azken momentuak berarekin pasatzeko. Ez dut horrelakorik gehiago gertatzerik nahi. Zentzu horretan, beldur naiz amarekin ere hori gerta litekeelako. Espero dut oraindik urte asko emango dituela gurekin, baina gerta daitezkeen gauzak dira. Usurbilen arazoz lepo nengoela amarekin haserre ere egon nintzen denboraldi batez, eta etxetik alde egin nuen. Gerora konpondu ginen eta orain harreman oso ona daukagu eta ez nioke neure buruari barkatuko anaiarekin gertatutakoa amarekin ere gertatuko balitz. Ondorioz, itzuleraren gaiari buelta asko eman dizkiot. Orain lasai nago eta dena lehengora itzuli da nolabait. Itzultzeko asmotan nabil eta espero dut oso berandu ez izatea. Urtebete edo bi agian pasatuko dira ni itzultzerako, baina ez nuke nahi gehiago izaterik. Behin etxera itzuli eta zerotik hasiko naiz berriz ere. Ez da berdina oporretara etortzea aste batzuk edo hilabetetxo batzuetarako edo urte askok hemen ematea. Laguntasuna ere hoztu egiten da nahita nahiez. Horretaz kanpoan gaudenean konturatzen gara.

 

OSKAR URIBE

“Orain lasai nago eta dena lehengora itzuli da nolabait. Itzultzeko asmotan nabil eta espero dut oso berandu ez izatea”

 

Klima oso ezberdina da han. Nongoa duzu nahiago?

Niri egun osoan eta egunero eguzkia egitea ez zait gehiegi gustatzen. Eguraldia ez da horren ezberdina han eta hemen, Kanariak epelagoak dira orokorrean eta eguraldi hobea egiten du, baina hemen ere negua negua da. Neguan egunez eguzkia egiten du askotan, baina gero gau aldean haize hotza sartzen da eta hotz egiten du. Aukeran, Tenerifeko eguraldia hautatuko nuke. Usurbilera joatean, neguan egunero euria eta hotza egiten du eta orduan faltan botatzen dut Tenerifeko eguraldia.