NOAUA! Noiztik zaude Pragan eta zergatik joan zinen bertara?
Maria Hernandez: Iraila amaieran iritsi nintzen hona. Argi neukan Erasmus esperientzia bizi nahi nuela eta lekuen zerrenda aztertzen hasi nintzenean, aukera honek erakarri ninduen gehien. Europa erdialdean dagoenez, aukera ederra ikusi nuen inguruko herrialdeetara joateko eta bidaiatzeko leku zoragarria dela iruditu zitzaidan. Unibertsitateari ere erreparatu nion eta itxura ona hartu nion. Irakasgaiak aukeratzeko garaian ere ezinhobe zetorkidan, inolako arazorik gabe irakasgaiak balioztatzeko aukera ematen zidatelako. Lehen aukera jarri nuen Praga eta horixe eman zidaten, eta beraz, oso gustura nago.
Zein ikasketa ari zara egiten?
Biokimika egiten ari naiz. Irakasgaiak balioztatzeko garaian nahiko lanekin ibili naiz. Ez da erraza aukeraketa behar bezala egiten. Kreditu kopurua eta irakasgaiak oso ezberdinak dira. Denborarekin lasai hartuta eta urratsez urrats eskatutakoak beteta, ez dut arazo berezirik izan.
NEREA HERNANDEZ
“Argi nuen Erasmus esperientzia bizi nahi nuela. Aukerak aztertzen hasi nintzenean, Pragak erakarri ninduen gehien”
Hilabete batzuk badaramatzazu Pragan eta horrek bidaiatzeko aukera emango zizun. Non izan zara eta nora gehiago joatea gustatuko litzaizuke?
Hasieran Txekiar Errepublikan dauden hiri eta herri bereziak ikusi genituen, herrialdea hobeto ezagutzeko. Gerora, Europan zehar ibili gara. Austrian izan ginen Vienan lehendabizi. Ondoren, oso hegaldi merkea aurkitu genuen Edimburgora joateko eta Eskoziara joan ginen. Imanol Iribarri bisita ere egin genion Suedian (Tokitan atalean eginiko laugarren elkarrizketaren protagonista) eta martxoan aurrera eta atzera ibili ginen ia gelditu ere egin gabe. Bratislavan izan ginen, eskiatzera joan ginen hemen inguruan, Austriatik auto bat hartu eta Alpeetan ibili ginen, Krakovian, Budapesten eta Berlinen ere izan gara duela gutxi. Asko bidaiatu dugu erraztasun handiak ditugulako hemen. Alemania eta Austriara trenez joan gaitezke, nahiz eta ordu asko izan, merkea da ikasle izanda eta aukera ederrak dauzkagu. Aste Santuan bisitak jaso genituen, eta beraz, gu ez gara gehiegi mugitu bertatik.
Gustatuko litzaiguke esperientzia hau amaitu aurretik Italia aldera joatea. Oraindik ez daukagu ezer itxita, baina asmoa hori da. Bidaia gehiago ere aterako dira, agian, baina momentuz hori da daukaguna.
“Txekiarrak hotz samarrak dira”
NOAUA! Bertakoak ondo moldatzen al dira ingelesarekin ala, alderantziz, hizkuntza ez da arazo bat izan zuretzat?
Maria Hernandez: Nahikoa ondo ari gara moldatzen ingelesarekin. Gazteek oso ondo hitz egiten dute ingelesez. Oso txikitan hasten dira bigarren hizkuntza hori ikasten eta guk baino askoz hobeto egiten dute. Helduagoak ez dira gai ia ezer ulertzeko eta batzuk tutik ere ez dakite. Kasu horietan, txekieraz dakizkigun bi hitzez baliatzen gara nolabait ulertarazteko, baina normalean ingelesarekin aurrera ateratzen gara.
Europa erdialdeko jendea nahikoa hotza da. Txekiarrak ere halakoak al dira?
Bai, egia esan nahiko hotzak dira. Lagun txekiarrik ez daukagu. Hasieran buddy bat izan genuen, herrialdera iritsi eta unibertsitateko ikasle batek lagundu egiten digu bertako bizimodura ohitzen eta kultura pixka bat ulertzen, gero hobeto moldatu ahal izateko. Buddy horrekin eta haren lagunekin harremana izan genuen hasieran eta ez zitzaizkigun oso hotzak iruditu. Kalean, norbaiti zerbait galdetzerakoan beti distantzia jartzen dute eta nahiko hotz agertzen dira gainontzekoen aurrean.
Zenbat eta adinekoagoak izan, iruditzen zait errezelo gehiagorekin hartzen dituztela atzerritarrak. Txekiera ez dugunez hitz egiten, ez gaituzte oso ondo ikusten. Gazteak orokorrean oso jatorrak dira.
“Etxera itzultzeak beldur pixka bat ematen dit egia esan, oso gustura nagoelako hemen”
NOAUA! Egunerokotasunean, Euskal Herrikoekin edo mundu zabaleko jendearekin ematen duzu denbora gehien?
Maria Hernandez: Normalean, joera daukagu euskaldunekin elkartzeko edota espainiarrengana hurbiltzeko. Egunerokoan euskaraz egiten dut nire pisukidearekin eta ondoko gelan Valentziako bi neska bizi direnez, haiekin erdaraz egiten dut. Oso harreman ona daukagu haiekin ere.
Esfortzua egiten ari gara bigarren lauhilekoan munduko beste txokotako jendearekin gehiago harremantzeko. Alemaniako batzuk ezagutu ditugu, greziarrak ere bai, portugaldarrak… Leku askotako jendea ezagutu dugu. Geroz eta gehiago geratzen gara horiekin zerbait hartzera joateko edota bidaiatzeko. Modu horretara, ingelesa gehiago ari gara praktikatzen, bestela beti gaztelerara jotzeko joera daukagu.
NEREA HERNANDEZ
“Familia faltan botatzen dut, amama batez ere”
Pandemia baten “amaieran” tokatu zaizu Erasmus esperientzia hau. Nola daude gauza bertan?
Otsaila aldera kendu zuten musukoaren erabilera hemen eta jada garraio publikoan baino ez dugu erabili behar. Gainontzekoan, egoera nahiko ona dela uste dut gaixo kopuruari eta heriotza kopuruari dagokienean. Hilabete oso gogorrak ere bizi izan zituzten hemen. Abenduan, Pragan oso ezaguna da gabonetako merkatua, baina aurten ez dute hori ospatzeko aukerarik izan eta nahikoa tristeak izan ziren neguko hilabete haiek.
Horrenbeste hilabete kanpoan emanda, etxea ere faltan botako duzu, ezta?
Bai, etxera itzultzeak beldur pixka bat ere ematen dit egia esan, oso gustura nagoelako hemen. Batzuetan faltan botatzen dut etxean egoteak dakarren erraztasuna. Dena eginda ematen didate etxean, eta hori etxetik kanpo nagoela konturatu naiz. Familia faltan botatzen dut, batez ere, amama.
Kuadrilakoak ere ikusten ditut sare sozialetan eta kontatzen dituzte egunerokoan egiten dituzten gauzak, dela sagardotegia, dela parranda edo egunpasak. Gustura egongo nintzateke haiekin momentu horietan, baina bestalde sarri pentsatzen dut hemen geratzen zaidan denbora aprobetxatu beharra daukadala eta horrelako esperientziak bizitzan behin izaten direla.
“Gradu Amaierako Lana BioDonostian egingo dut, bularreko minbizia ikertzen ari den talde batekin”
NOAUA! Zein asmo duzu datorren urterako? Usurbilen izango zaitugu edo kanpoan jarraitzeko asmoa duzu?
Maria Hernandez: Udan Gradu Amaierako Lana egin beharra daukat irailan aurkeztu ahal izateko. Praktika batzuk ere egingo ditut laborategi batean ikasketa prozesu hau borobiltzeko. Beka bat ere eman didate Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartekoek praktikak egiteko eta horrekin jarraitzeko aukera ematen badidate enpresa berdinean lanean jarraitzea da nire asmoa. Behin lan hori eginda, zein arlo gustatzen zaidan argiago izango dut ondoren master bat aukeratzeko eta itsu-itsu edozein masterretan ez sartzeko. Beraz, master hori hurrengo urtean egingo nuke.
Nolatan eman dizute beka hori?
Gradu Amaierako Lana BioDonostiako laborategi batean egingo dut bularreko minbizia ikertzen ari den talde batekin. Haiek eman zidaten beka honen berri eta jende gutxiri ematen badiote ere, eskatzera animatu ninduten. Eskaera egin nuen eta eman egin zidaten. Ikerketa beka bat da. Ikasketetan ikasi dudanarekin uste dut arlo hau oso interesgarri eta zabala dela eta modu praktikoagoan ikusi nahi dut ea benetan gustatzen zaidan eta minbiziaren bide horri heldu nahi diodan etorkizunean.