Intxorta Kultur Elkartea: “1936ko haurren lekukotza jaso nahi dugu Beterri-Buruntzan”

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 9a, 12:23

1936ko Gerran erbesterako bidea hartu behar izan zuten haurren oroimena berreskuratzeko ahaleginean dabiltza, eta Buruntzaldeko herritarrei deia luzatu die Intxorta 1937 kultur elkarteak.

Zein da zuen egitasmoaren helburua?

Juan Ramon Garai: 1936ko kolpe militarrak eraginda, Gipuzkoatik erbestera ihes egin behar izan zuten umeen memoria  berreskuratzea. Horretarako, Intxorta 1937 kultur elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, egitasmoa abian jarri zuen orain bi urte, eta horretan gabiltza. Gaia lantzeko 13 laguneko taldea sortu dugu: sei pertsona Intxorta taldekoak gara, eta horietaz gain, beste zazpi pertsona gai honetan esperientzia eta interesa dituztenak dira. Bestalde, eskertzekoa ere bada herri askotan lanean dabiltzan elkarte memorialistek eskaini diguten laguntza. 

Orain arte, sei mila eta bostehunetik gorako zerrenda osatu dugu. Guzti horiei buruzko makina bat informazio (aipamen hutsak, testigantza pertsonalak, artxiboetako informazioa, agiriak, argazkiak…) jaso ahal izan dugu, baina kontziente gara oraindik ere ez garela guztia jasotzera iritsi, ezta gutxiago ere.

 

Beterri-Buruntzari begira, bulegoa jartzeko asmoa daukazue hurrengo egunetan.

Abian jarritako datu bilketari eutsita, Gipuzkoan eskualdez eskualde arreta-bulegoak irekitzen ari gara azken aldian, orduko haurrak nahiz edozein eratako informazioa eskaini dezaketen pertsonak hurbil daitezen bertara. Hortaz, eskualdeko herritar guztiei luzatzen diegu gonbitea, edozein moduko datua edukiz gero bertara dadin. Buruntzaldeko herritarren ahalik eta inbentariorik osatuena nahi genuke egin, Gipuzkoako datu-basera batzeko.

 

Noren datuak ari zarete biltzen, herritik ihes egin behar izan zuten haur guztiena, ala, Frantziako estatura, Ingalaterrara, Errusiara, Ameriketara… ihesi joan zirenena? 

Zehazki, 1936ko kolpe militarra hasterakoan erbestera ihesean joan ziren 0 eta 16 urte bitarteko ume eta gaztetxoak, eta baita ere, erbestean jaio zirenak 1939. urtera arte. Gerrako haur gehienak Frantzia eta Kataluniara (Valentziara ere bai) joandakoak dira. Halaber, Ingalaterrara, Errusiara eta Belgikara nahiz Ameriketara (Mexiko, Argentina, Txile, Venezuela, Kuba, Errepublika Dominikarra…) joan zirenak.

Egia da badaudela beste ume asko beren herrietatik ihesi joan zirenak, Bizkaira, Santanderrera nahiz Asturiasera, baina ez zutenak muga zeharkatu. Ibilbide hori egin zuten haur eta gaztetxoen izenak ez ditugu jasotzen printzipioz.

 

“Ehunka batzuk izan ziren eskualde honetan”

Orain arte bildu duzuen informazioaren arabera, Buruntzaldeko herrietatik zenbat haurrek egin behar izan zuten ihes, bizitokia utzita?

Oso zaila da zenbakiak zehaztea, baina ehunka batzuk izan ziren seguruenera. Orain arte jaso ditugun erreferentziak, 276enak  dira; 133 emakumeak, 143 gizonak. Hona datuak herriz herri, eta sexuen arabera banatuta: Hernanin 109 (53, 56), Andoainen 75 (32, 43), Lasarte-Orian 62 (37, 25), Astigarragan 15 (3, 12), Urnietan 15 (9, 6), eta azkenik, Usurbilen 1 (emakumea).

 

Zer nolako harrera egin diote herritarrek informazioa jasotzeko guneari, beste udalerrietan?   

Irunen, Eibarren, Soraluzen eta Tolosan irekitako arreta bulegoak oso lagungarriak egin zaizkigu zerrendak osatzeko, elkarrizketa berriak egiteko, argazkiak eta agiriak jasotzeko… Egia esan, herritarrengana hurbiltzea da gure asmoa eta komunikabideen eskutik lortzen ari garen oihartzuna ezinbestekoa bilakatzen ari da gure egitasmoaren berri zabaltzeko. 

 

Datu bilketa Andoainen

Andoainen jarriko dute bulegoa, Udal Artxiboan. Anbrosia Olabide eraikina, San Martin elizaren atzealdean.

  • Egunak: Ekainak 16, 21 eta 30.
  • Ordutegia: 10:00-12:00 /18:00-20:00. 
  • Harremanetarako: 678 242 031 / intxorta1937@gmail.com