Usurbil 1936

Koxme Yagüez Beristain oroitzeko gunea gaurtik Udarregi Ikastolan

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 9a, 19:04

Zubietako eskolako maixua izandakoa, 1936an fusilatu zuten faxistek Orioko mendate inguruan. Gaurtik, Koxme Yagüez Beristain oroitzeko gunea izango du Udarregi Ikastolak.

Usurbilgo oroimen historikoa berreskuratzen ari diren eragileen artean da baita Udarregi Ikastola. Gaurtik 1936ko gerraren testuinguruan eginiko ankerkeriak gogoratzeko gunea izango du, ostegun goiz honetan bistaratu duten plakaren bidez hain zuzen. Faxistek eraildako herritarren artean, bazen hain zuzen, maixu bat, garai hartan Zubietako eskolako irakasle zena: Koxme Yagüez Beristain. Usurbilgo maisua faxistek erail zuten 1936ko urriaren 10ean Orioko mendatean, gaurtik bere omenez ikastola atarian ikusgai duzuen plakak dioen moduan, "askatasuna eta demokrazia defendatzeagatik". 

"Haren familiai aurkitzea zaila izan denez, ikastolak bere familia bihurtzea erabaki du", berri eman dute ikasleek, Udarregiko hezkuntza komunitatearekin, Usurbilgo Udalarekin eta oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den Usurbil 1936 elkartearekin batera ostegun goiz honetan ikastola atarian egin duten ekitaldian. 

Bi urteko ibilbidea jada jorratua duen herri bilgune honen harira, "ikastola gure herriko memoria historikoa lantzen hasi da", berri eman dute ikasleek. Lanketa hau plazaratu nahi izan dute gaurkoan eta testuinguru horretan kokatu dute baita, Koxmeren aldeko ekitaldia. "Haren aldeko memoriarako espazio hau sortu eta hura gogoraraztera, horretara bildu gara gaur".

Gipuzkoan eraildako maixu bakarrenetarikoa
Panelen bidez 1936ko gerrak Usurbilen utzitako aztarna latzari buruzko hainbat xehetasun plazaratu dituzte. Koxmeren bizitzari dagokionean, 1904. urtean jaio eta tren geltokian bizi zela, bere aita bertako arduraduna baitzen. Eta aipatu moduan, Zubietako eskolan irakasle lanetan jardun zuela eta 32 urterekin fusilatu zutela. "Zarauzko hilerrian lurperatu zuten bere lagunek isilpean, halako kasuetan ezin baitzen dolu eta elizkizunik ospatu". Nabarmen dutenez, "Gipuzkoan erail zituzten maixu bakarrenetarikoa izan zen, guztira sei izan zirelarik".

Memoria historikoa berreskuratu eta transmititzeko konpromisoarekin bat egin dute. Aurrerantzean, "gure ikastolan gerra zibilaz hitz egiten dugunean gaur egungo plaka eta Usurbil 1936 elkartea biltzen ari den informazioa ikasgai izango zaizkigu eta gure herrian gertatutakoa ikasliburuan agertuko ez bada ere, adierazi eta jakinaraziko da". Helburu argi batekin; "bere herriko historia ez ezagutzen ez duenik" egon ez dadin. 

Ikastola Egunari eskainitako ekimen astearen baitan egin dute ostegun goiz honetako ekitaldiak, Usurbilgo Udaleko eta Usurbil 1936 elkarteko ordezkarien adierazpenak tartekatu dira; agur dantza, bertsoak... Eragileon artean bideratu duten oroimen historikoa berreskuratzeko lanketa ederra plazaratu dute gaurkoan.