Seniderik ez. Oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den herri bilgunetik adierazi dutenez hain zuzen, "ikertzen aritu gara, Koxmeren senideen bila eta ez ditugu aurkitu". Horregatik, Usurbil 1936 elkarteko ordezkari Arantxa Manterolak esker ona adierazi nahi izan dio Udarregiri. "Eskerrik asko ikastola osoari Koxme zuenganatzeagatik".
"Hau dena zuei transmititzea gure betebeharra dela pentsatzen dugu"
Gaur paradoxikoki ikastola kokatua dagoen Gernika izeneko ibilbidean ospatu den oroimen ekitaldia, "memoria ariketa bat" dela nabarmendu du Manterolak, "memoria historikoarekin lotutako ariketa bat". Ikasleei zuzenduta adierazi duenez, "beharbada orain ez zarete konturatuko honek duen garrantziaz, baina seguru Koxme Yagüezen izena iltzatuta geratuko zaizuela buruan. Eta izenarekin batera gogoratuko duzue, egun batean, ikastolan zinetela, omenaldi bat egin zitzaiola 1936ko gerran fusilatu zuten maixuari". Eta horrekin batera, "gogoratuko duzue, askatasuna defendatzeagatik hil zutela, eta hil zuten haiek gerora, zuen birraiton-birramonen eta zuen aiton-amonen askatasuna mugatu zutela eta urte askotan beldurrez bizi izan zirela, pentsatzen zutena esate hutsarengatik zigortu eta kasu askotan kartzelan sartzen zituztelako". Jazarpen krudel honen eraginez, isiltasuna nagusitu zela azaldu nahi izan die Usurbil 1936 elkarteak herriko belaunaldi gazteenei. Eta ondorioz, horrek 1936ko gerran izandako basakeria ezkutatu beharra ekarri zuela. "Koxmeri bezala beste askori gertatutakoa hain ezkutuan geratu zen, ia-ia gertatu izana bera ere ahaztu egin zela", aipatu duten moduan, faxistek nahi bezala.
Baina ez da halakorik gertatu, "herritar askok ez zuten ahaztu gertatutakoa. Eta duela urte batzuk herrietan ikertzen hasi ziren. Beren amonari, izebari, gurasoei galdezka". Baita Usurbilen ere. "Dokumentuak bilatzen, lekukotzak bilatzen... gu ere horretan ari gara Usurbilen, gure arbasoei egin zietena ezin delako ahaztu, ondorengo belaunaldiei injustizia haien berri eman behar zaiela uste osoa dugulako". Zuzenean adierazi diete ikasleei, "bai, hau dena zuei transmititzea gure betebeharra dela pentsatzen dugu. Koxme bezala, milaka herritar gu aske izateko borrokatu zirelako".