Usurbil 1936

"Omenaldi hau da merezitakua, ahaztu ez dezagun gertatutakua"

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 9a, 18:50

Dantzan eta bertsoak kantatuz omendu eta oroitu dute Udarregi Ikastolak etxekotzat hartu duen Koxme Yagüe Beristain. 1936ko gerran fusilatu zuten faxistek. Gaurtik ikastolak bere aldeko oroimen gunea izango du.

Zubietako eskolako maixua izandako Koxme Yagüe Beristain omendu du gaur Udarregi Ikastolak, Usurbil 1936 elkarteak eta Usurbilgo Udalak. Faxistek erail zuten 1936ko gerran. Gaurtik, bera oroitzeko aukera izango da ikastola atarian egokitu duten plakaren bueltan. Plaka goizean ospatu duten ekitaldi berezian bistaratu dute. Ikasleek gerra hark Usurbilen utzitako aztarnaren inguruan egin duten lanketa plazaratu dute. Koxme dantzan eta ondoko bertsoak abestuz omendu dute.

Gure maisua (Koxme Yagüez)
Gerraren garaia zen
zaila bizitzea
Zailagoa oraindik
libre izatea
Fusilatuengatik
gaur borrokatzea
Eskatuko genuke
inoiz ez ahaztea

Koxme Yagüez gu gara
zure familia.
Zuregatik gaur dago
hemen zure_herria
Pixkanaka berpiztuz
gure memoria
Atera dugulako
haien historia

Koxme Yagüez hil zen
fusilatua.
Faltan botatzen deu
gure maisua.
Omenaldi hau da
merezitakua,
ahaztu ez dezagun
gertatutakua.

Gure lurra loratzen
ibili izan zinen
Suteak Usurbilen
harrapatu zintuen
zure lan guztia
zapaldua izan zen
Beste asko bezala
erail zintuzten

Irakasteagatik
zinen zigortua
Errudun izan gabe
epaitutakua
Zure etxea gara
zu ikastolakua
Hi izango haiz beti
gure maixua!

Koxme Yagüez hil zen
fusilatua.
Faltan botatzen deu
gure maisua.
Omenaldi hau da
merezitakua,
ahaztu ez dezagun
gertatutakua.
GERTATUTAKUA.