Ostegun honetan omendu dute Koxme Yagüez Beristain, Zubietako maixu izandakoa, 1936ko gerran faxistek fusilaturikoa Udarregi Ikastola atarian. Ikastolak oroimen historikoa berreskuratzeko bideratu duen lanketaren eskertza mezura batu da baita Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrieta. Pozgarritzat jo du memoria historikoaren gaiaren bueltan ikasleak, etorkizuneko belaunaldia bildu izana. Duela bi urtetik hain zuzen, Usurbil 1936 elkarteak Udalarekin lankidetzan jorratu duen bidea nabarmendu du. 2020an hasita, "1936ko gerrak Usurbil eta batez ere usurbildarrak nola kolpatu zituen ikertu, herritarrek pairatutako sufrimendu hori berreskuratu eta balioan jartzeko proiektua" dela gogorarazi du".
1936ko gerra, "gure aiton-amonek eta euren gurasoek bizitako gerra hain zuzen", igaro den mendeko "Euskal Herriko historiaren gertakaririk latzena eta traumatikoena" izan zela azpimarratu du, "gerrak bortizki eta iraunkorki markatu baitzuen gerra zuzenean edo zeharka bizi zuten herritarren memoria, bai eta beraien ondorengoena eta etorkizuneko belaunaldiena ere".
Gerra irabazi zuten faxistek, "errepresioa, gosea, gezur erauntsiak zabaldu zituzten, eta inposatutako isiltasuna". Aldiz, gazteei gogorarazi dienez, "gerrak sortutako isiltasuna ezin du ahanztura izan". Horregatik zioenez, "gaur egungo belaunaldiok, guk eta zuek badugu zeregin garrantzitsu bat, lurpean utzi nahi izan zuten egia hori azaleratzea. Hori da guk egin diezaiekegun omenaldi eta aitortza nagusia".
Krudel, mingarri, bihotzgabe eta injustutzat jo dituen gerren aurka agertzearekin batera, kasu honetan, gurean "gerra sufritu zutenen edota sufritzen ari direnen memoria jasotzea dagokigu, eta horretan gabiltza Usurbilen", azaldu die Solaberrietak.