Ordainketak gazteleraz edo ingelesez ere egiteko aukera, baina geure hizkuntzan, euskaraz ez. Ezin ordainketak euskaraz egin Belartzan kokatua dagoen Decathlon saltoki ezagunean. Hizkuntz eskubideen Behatokiak sare sozialen bidez ere ohartarazi du egunotan, "enpresa honek maiatzaren 5ean, gertatutakoaren berri eman zutela jakinarazi zutela adierazi zigun. Ekainaren 8a dugu eta ez dute neurririk hartu".
Egoera honetan, Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak hizkuntz eskubideen aldeko ekintza bideratu du ostegun arratsalde honetan aipatu saltokian, "euskara babestu, eskubideak defendatu" aldarripean. Erreklamazio orriak eskatzen eta betetzen aritu dira saltoki barruan. Gero kanpoan atera dute talde argazkia, orriok eskutan zituztela. Ekimenaz sentsibilizatzen aritu dira denda atarian, orriak banatu dizkiete erosketak egitera zihoazenei. Orriok batek baino gehiago hartu ditu. Erosketak egin ostean erreklamazioa aurkeztera bueltatu denik ere egon da.
AZTARRIKA GAZTE ASANBLADAREN OHARRA
"Belartzako Decathlonek, auto-ordainketa kutxan, euskaraz ordainketa burutzeko aukera kendu du; beste behin ere euskaraz bizi nahi dugunon hizkuntz eskubideak urratuz.
Erabaki hau ez da kasualitate hutsa, euskararen aurkako erasoa da. Ez gaude kasu isolatu baten aurrean, inposizio desberdinen bitartez euskara marjinalizatzeko estrategian urratsak etengabeak izaten ari dira; euskara sektore ezberdinetatik erasotuz.
Euskal Herrian ezin bada euskaraz bizi, non biziko da euskara? Euskaldunok harrotasunez eta konplexurik gabe gure hizkuntza defendatu eta erabili behar dugu.
Euskaraz biziko den Euskal Herri baten alde!
Geure arima hiltzen uzteko bezain odol galduak ez gara.