Usurbilgo jaiak

Zikiro janerako eta jubilatuen bazkaritarako txartelak aurrez eskuratu beharko dira

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 10a, 13:03

Badatoz Usurbilgo jaiak, eta lekua erreserbatzeko garaia ere ate joka dugu. Festetako zenbait bazkarietarako txartelak aurrez eskuratu beharko dira.

Hiru aste baino gutxiago hiru urteren ostean, Usurbil jaietan murgiltzeko. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko diren festetan, otorduak lagun artean, kale eta festa giro betean bizitzeko aukera izango dugu. Hitzorduetako bat, ohi bezala, bueltan datorkigun zikiro janean. Uztailaren 2an, larunbatarekin ospatuko da, arratsaldeko 14:00etan Askatasuna plazan. Adi txartelen salmentari; ekainaren 19an, igande eguerdian, 12:30etan Aitzaga elkartean. Askatasuna plaza aldetik sartuta eskuratu ahalko dira sarrerak, prezio hauetan: helduek, 30 eurotan; ikasleek eta langabetuek, 20 eurotan.

Jubilatuen bazkaria
Biharamunean, ekainaren 20an jarriko dituzte salgai bestalde, uztailaren 3an 14:00etan baita, baina Atxega jauregian ospatuko den jubilatuen bazkaritarako txartelak. Goizeko 10:00etan hasi eta 13:00ak arte eskuratu ahalko dira Gizarte Zerbitzuen egoitzan eta hiru jubilatu elkarteotan; Aginagako Arraten, Santueneako Gure Elkartean eta Usurbilgo Gure Pakean. Ekainaren 22ra arte izango dituzte salgai beranduenez, edo agortu arte, 20 eurotan 60-65 urte artekoentzat, 10 euro 65 urtetik gorakoentzat. 

Adi, bazkari honetara joateko zenbait baldintza bete beharko dira: gutxienez 60 urte beteak izatea edo aurten betetzea eta Usurbilen erroldatua egotea. Salbuespenak: 60 urte baino gutxiagoko pertsonek joan ahalko dute bazkariaren kostu osoa ordainduz, beti ere, bikoteak baldintza orokorrak betetzen baditu eta bera ere herrian erroldatuta badago. Aparteko egoera berezietan, “Udalak, kasu kasu, erabakiko du”.

Jubilatuen bazkarian dastatu ahalko den menua honako hauxe duzue: 
-Dastaketa: urdaiazpiko iberikoa, itsaski entsalada epela, txipiroizko kurruskia, onddoen hostorea.
-Aukeratzeko: itsasapoa labean olio-errearekin edo idi zatia plantxan hornigaiarekin.
-Postrea aukeran: tarta dastaketa, etxeko mamia edo fruitu gorrien yogurt krema.
-Edariak: ardo beltza, ardo txuria, sagardoa, ura, kafea.

Haurren Eguna
Bestalde, uztailaren 1ean, 9:45ean hasita ospatuko diren haurrei ekimenetan izen emateko epea zabalik da, LH 1-4koentzako ginkanan nahiz LH 5-DBH2 artekoentzako “erronkan” parte hartu nahi dutenentzat. Ekainaren 18ra arte antolatzaileek zabaldu duten helbide honetan: santixabelak.umeen.eguna@gmail.com